Duela lau urte jaio zen Oria Bizi, gure herrian arraunketa ez lehiakorra sustatzeko asmoz. Kirola, osasuna, errioaren errespetua eta elkarbizitza ardatz hartuta, estropadetako presiorik gabeko bide bat ireki dugu. Azken urteetan gogor egin dugu lan herritarrei gure jardun hau ezagutarazteko, ate irekien bidez errioa guztiontzat eskuragarri jarriz.
Ilusio horrekin berarekin antolatu dugu, aurten bigarren aldiz, emakumeentzako arraunketa jardunaldi berezia. Deialdia zabaltzeko, kartelak jarri genituen herrian zehar, udalak horretarako gordetako gune ofizialetan.
Gure harridura, tristura eta haserrerako, ordea, kartel horiei eraso egin diete. Batzuk desagertu egin dira; beste bi, kuter edo labana batekin erabat ebakita eta txikituta aurkitu ditugu. Norbaitek propio hartu du astia gure deialdia suntsitzeko.
Ekintza zital honek gure materialari eraso egiteaz gain, herri inklusiboago baten alde lanean ari garen talde oso baten ilusioari egiten dio eraso. Are kezkagarriagoa iruditzen zaigu erasoa emakumeentzat zehazki bideratutako ekintza baten aurka izateak. Zerk molestatu du? Zerk beldurtzen du, emakumeak errioan ibiltzeak? Zerk egiten dio min arraunari, alternatiba ez lehiakor eta ireki bat eskaintzeak?
Oria Bizitik ozen esan nahi dugu: ez gaituzte kikilduko. Proiektu hau herritik eta herriarentzat sortua da, eta horrelako jarrera errespetugabe eta bortitzek ez dute lekurik gurean. Guk errioan gora eta herriarekin batera arraunean jarraituko dugu, ateak zabalik, eta moztu nahi dituzten sareetatik berriak josten.
Gertatutakoa salatuta, gure konpromisoak bere horretan jarraitzen du: arraunketa inklusiboa, irekia eta herrikoia sustatzen jarraituko dugu, inor kanpoan utzi gabe. Jarrera bandalikoek ez dute gure norabidea aldatuko. Eskerrik asko egunerokoan babesa ematen diguzuen guztioi, eta gogoratu: errioa guztiona da.