Sorosleak larunbat honetan hasiko dira lanean hondartzan

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 10a

Bi sorosle, artxiboko irudian, Antilla hondartzan.

Hondartza denboraldia astelehenean abiatuko da Orion, orduan jarriko baitituzte martxan zerbitzu guztiak, baina sorospen zerbitzua asteburura aurreratu dute. Eguraldi ona dago iragarrita astebururako, gainera. 

Hondartza denboraldia astelehenean hasiko da Orion. Hala iragarri zuten astelehen honetan bertan hondartzan eskainitako prentsaurrekoan. Gaur, ordea, udalak jakinarazi du sorospen zerbitzua asteburu honetara aurreratuko duela. Hala, larunbat honetan sorosleak egongo dira hondartza zaintzen, ohiko ordutegian, hau da, 11:00etatik 20:00etara. 

Astelehenetik aurrera, berriz, zerbitzu guztiak egongo dira martxan: kabinak, komunak eta dutxak –doakoak izango dira dutxa hotzak eta komunak–. 

Aulkiak, surf taulak eta eguzkitako aterkiak takilletan uzteko aukera ere izango da, eta prezioak hauek izango dira: aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak, eguneko 1,5 euro; asteko, 5 euro; hilabeteko, 10 euro; eta denboraldi osorako, 30 euro. Etzaulkiak eta surf taulak, eguneko, 2,5 euro, asteko 8 euro, hilabeteko 18 euro, eta denboraldi osorako, 45 euro.

Udalaren deia

Hondartza denboraldiarekin lotuta, udalak herritarrei dei egin die uda honetan "bizikletaz ala txu-txu trenean egin ditzaten hondartzako joan-etorriak". Txu-txu trena, berriz, ekainaren 29tik abuztuaren 31ra bitartean. Iazko ibilbide eta ordutegi berbera izango da: 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era bitartean. Ikastola pareko plazatik hasi eta hondartzan egingo du itzulera, Bikamiotan geldialdi bat eginda. Dagoeneko uda osorako bonuak salgai daude Turismo Bulegoan, 10 euroan.

"Kutsadura ez ezik, trafikoari eta aparkalekuei lotutako gorabeherak ere murrizten lagunduko dute horrela", nabarmendu du udalak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide