Badok 13 jaun eta jabe, Euskadiko Traineru Txapelketan

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 8a

Badok 13 beteranoen ontzia, asteburuan Getarian, Euskadiko Traineru Txapelketako bandera astintzen. (utzitakoa)

Orioko beteranoen taldeak irabazi du asteburuan Getarian jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketa. Estropada "gogorra eta estua" izan zen igandekoa, baina azken uneko maniobrari esker, oriotarrak azkarrenak izan ziren helmuga zeharkatzen, 10:45,52 denborarekin.

Badok 13 beteranoen ontziak arraun erakustaldi bikaina eman du beste behin ere. Pasa den igandean, Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi zuten Getariako uretan, jokoan zegoen ikurrina gogoz astinduz. Estropada "gogorra eta estua" izan zela kontatu dute, baina garaipen honekin, iaz lortutako titulua berritu eta Euskadiko bandera bereganatu du Orioko taldeak.

Igandea ez zen "nolanahiko eguna" izan arraunean egiteko: itsasoa "harrotuta" zegoela kontatu dute, eta "bulkada bakoitzean hortzak estutu" behar izan zituzten arraunlariek. Estropada erabat lotuta joan zen hasieratik, eta amaierara arte "tentsioari eutsi" zioten oriotarrek, azken luzeko erdi aldera arte Badok 13 ezin izan baitzen arerioengandik bereizi. 

Une horretan, ordea, martxa bat gehiago sartu, olatua hartu eta estropada hautsi zuten oriotarrek, eta azkarrenak izan ziren helmuga zeharkatzen, 10:45,52 denborarekin. Getxok bigarren postuan amaitu zuen, irabazleengandik 12 segundora (10:58,44), eta Mundakak hirugarren postua lortu zuen, 10:59,56 denborarekin podiumean lekua ziurtatuz.

Euskadiko bandera eskuratuta, Badok 13k beste hitzordu garrantzitsu bat izango du datorren asteburuan: Espainiako Traineru Txapelketan lehiatuko da, Moañan (Pontevedra, Espainia). Han ere "mailarik onena ematea" dute helburu, aurkariak "oso gogorrak" izango direla jakin arren. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide