Herri galdeketan parte hartu dutenen %80,7k frontoi berria Palotan kokatu nahi dute

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 7a

Jon Carrera eta Maider Lopetegi udal idazkariak, gaur iluntzean herri galdeketako botoak zenbatzen. (Onintza Lete Arrieta)

Ostiraletik gaur eguerdira izan dute oriotarrek frontoiari buruzko herri galdeketan bozkatzeko aukera, eta 1.295 herritarrek eman dute botoa. Abaromendiko kokalekua 239 herritarrek aukeratu dute, %18,4k. Udalak bere esker ona azaldu die herri galdeketan parte hartu duten oriotarrei, "erakutsitako interesagatik eta konpromisoagatik". 

Oriotarrek eman dute iritzia: pilotaleku berria Palotan kokatzea nahi dute. 1.295 herritarrek eman dute botoa ostiraletik gaur eguerdira martxan egon den herri galdeketan, eta horietatik 1.046 herritarrek aukeratu dute Palotako aukera, hau da, boto guztien %80,7 jaso ditu Palotako aukerak. 

Abaromendiko aukerak 239 boto jaso ditu, %18,4. Alde nabarmenarekin irabazi du, beraz, Palotako aukerak. 

Boto horiez gain, bost boto zuri egon dira, eta beste bost baliogabe. 

Zenbaketa udalbatzar aretoan egin dute, 20:30ak baino lehen hasi dira, eta 21:10 aldera amaitu dute. Udaletxeko idazkariek egin dute lan hori, eta adi-adi jarraitu dute kontaketa EH Bilduko eta EAJko hainbat udal ordezkarik, tartean Anuska Esnal alkateak. Ospele pilota elkarteko kideak ere han izan dira. 

Aurreneko erreakzioak

Orioko Udalak kontaketa amaitu orduko egin ditu aurreneko adierazpenak, sare sozialetan. Batetik, eskerrak eman dizkie herri galdeketan parte hartu duten oriotarrei, "erakutsitako interesagatik eta konpromisoagatik".

Aurrez esan bezala, udalak gogorarazi du alderdiek datozen asteetan dagokien batzordean eta udalbatzarrean bozkatuko dutela frontoi berriaren behin betiko kokalekua, "herritarren gehiengoaren nahia oinarri hartuta", eta ondoren, udalak eta herriko eragileek "elkarlanean" landuko dutela behin betiko frontoiaren proiektua. Datozen egunetan xehetasun gehiago emango dituela ere jakinarazi du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide