Gaztetxoentzako 3x3 futbol txapelketako izen ematea Zaraguetako zuzendaritzan eta Orioko AEKren egoitzan egin daiteke

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 3a

3x3 futbol txapelketako partida bat Mendibeltz zelaian.

Ekainaren 13an egingo dute futbol txapelketa, eta izen ematea hilaren 5ean amaituko da. Interesdunek, Zaragueta Herri Eskolako zuzendaritzara edota Orioko AEK Euskaltegira jo dezakete izena ematera. Euskara sustatzeko euslider proiektuaren barruko egitasmoa da, eta Zaraguetako DBH 3. mailako ikasleek antolatu dute, AEKren laguntzarekin. Orioko Herri Ikastolan ere martxan da proiektua. 

Ekainaren 13n, larunbatarekin, 3x3 futbol txapelketa ospatuko dute Zaragueta Herri Eskolan, 16:30ean hasita. Izena emateko epea zabalik dago, eta ekainaren 5ean, ostirala, amaituko da. Parte hartzeko, interesdunek Zaraguetako zuzendaritzara edota Orioko AEK Euskaltegira jo dezakete; izan ere, azken asteetan zabaldutako QR kodea akatsak ematen dabil antolatzaileei.

Hiru eta bost jokalari arteko taldeak osatu beharko dira, mistoak, eta pertsonako bi euro ordaindu, ikastetxeko zuzendaritzan. Partaideentzat hainbat sari egongo direla jakinarazi dute. 

Euslider proiektuaren barruko ekintza

3x3 futbol txapelketa hori Euslider proiektuaren barruan kokatzen da. Egitasmo horren helburua da ikasleek euren arteko hizkuntza ohituretan aldaketa eragitea. Besteak beste, Eusliderren xedeak dira hizkuntza lidergoa indartzea, ahalduntzea, eraldaketa sustatzea eta portaera berriak sortzea, kasu honetan, euskarak tokia irabaz dezan ikasleen arteko solasaldietan.

Euslider proiektua AEKk sustatzen du. 2024-2025 ikasturtean jarri zuten martxan Orioko ikastetxeetan. AEKko kideak joan ziren bi ikastetxeetako DBH 3. mailara euskarari buruz hausnartzeko hiru saio dinamizatzera. Helburua ikasleen artean euskarako liderrak identifikatzea izan zen. Honela, haiekin euskara eta beraien zaletasunak uztartuko zituen ekintza soziala egitea zen helburua. Ikasturte honetan, euslider horiek izan dira DBH 3ra joan direnak (AEKko irakasle baten laguntzarekin). Modu honetan, gazteen artean euskaltzale erreferenteak sortzea da helburua.

Orioko Herri Ikastolan ere, martxan

Orioko Herri Ikastolan bigarren zikloarekin ari dira jada. Hau da, dagoeneko DBH 4. mailan eusliderrak daude, eta DBH 3. mailara joaten ari dira euskarari buruz hausnartzeko.

Zaraguetan, berriz, lehen zikloan daude. Horrek esan nahi du AEKko kide bat dabilela Zaraguetako DBH 3. mailako ikasleekin lanean. "Oso pozik gaude aurten sei kideko euslider talde bat atera baita. Dagoeneko iragarri dute beraien ekintza soziala, eta herritarrak animatu nahi dituzte bertan parte hartzera", azaldu dute AEKko kideek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide