Orioko udal langileek bat egin dute biharko ELA eta LAB sindikatuek deitutako greba deialdiarekin, eta ondorioz, udal zerbitzuak itxita egongo dira. Orioko Udalak jakinarazi duenez, udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa egongo dira itxita.
Kanpinean, berriz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte eta irekita egongo dira kiroldegia, Saregile emakumeen etxea eta udalak azpikontratatutako zerbitzuek erabiltzen dituzten eraikinak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileek egingo dute greba bihar, Udalhitzeko eta udaletako negoziazio mahaietan lan baldintzak hobetzea lortzeko helburuarekin.
Orion, 80tik gora langilek bat
Orioko Udaleko 80tik gora langilek bat egin zuten apirilaren 23an ELA eta LAB sindikatuek deitutako bi orduko lanuztearekin, eta maiatzaren 14an ere bat egin zuten grebarekin. Bihar izango dute bigarren greba eguna.
Langileek bi eskari nagusitan oinarritu dituzte protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko konbenioa eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da– lan baldintzak hobetzeko.