Hondartza eskubaloi topaketa egingo dute asteburuan Orion

Ekaitz Etxabe Arzallus 2026ko ekainaren 3a

Duela bi urteko Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketa. (Onintza Lete Arrieta)

Ostiraletik igandera bitartean adin guztietako jokalariek izango dute Eragin Mola Mola Hondartza Eskubaloi Topaketan parte hartzeko aukera, Antilla hondartzan.

Beste behin ere, iritsi da hondartzako eskubaloia Oriora. Ostiraletik igandera bitartean, LH3tik senior kategoriara bitarteko jokalariek hondartzako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango dute Antilla hondartzan. Orion hondartzako eskubaloiari indarra emateko asmoz antolatu du Orio Eragin eskubaloi klubak Mola Mola Eragin Hondartza Eskubaloi Topaketa. Ez da Orion egingo duten lehen hondartza eskubaloi jardunaldia izango. Izan ere, duela bi urte Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketa hartu zuen Antilla hondartzak.

Ostiralean emango diote hasiera aurtengo topaketari. Egun horretan, kadeteen eta jubenilen txanda izango da. Kategoria horietako oriotarrek herrian jokatzeko aukerarik ez zutelako erabaki zuen Orio Eragin eskubaloi klubak jardunaldia antolatzea. Inguruko klubak gonbidatu dituzte topaketara, eta, besteak beste, Zumaia, Usurbil eta Beti Onak klubetako taldeak ariko dira Oriokoekin batera hondartzako eskubaloiaz gozatzen. 16:30etik 20:00etara bitartean egingo dute topaketa, eta hainbat partida jokatzeko aukera izango dute bertaratuko diren taldeek.

Larunbatean, berriz, Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketaren txanda izango da. Infantil eta senior mailetako gizonezkoak zein emakumezkoak arituko dira Euskal Herriko Txapelketako zirkuituko lehenengo jardunaldian, 10:00etatik 19:00etara bitartean. Hainbat eskubaloi klubetako taldeak ariko dira nor baino nor gehiago: Oriokoak, Zarauzkoak, Kukullagakoak, Erromokoak eta Arangoitikoak. Egun osoan zehar jokatuko dituzte partidak, multzokako fasetik hasi, eta finaletaraino. Orio izango da Euskal Herriko Txapelketako zirkuituko lehen gunea eta, igandean, berriz, Zumaian jokatuko dute kadete eta jubenil mailako jokalariek. Ekainean zehar batetik bestera ibiltzea tokatuko zaie zirkuituko jokalariei, izan ere, Bizkaian ere jokatuko dute: Basaurin, Plentzian, Sestaon eta Ereagan.

Igandean, gaztetxoak

Igandea izango da topaketaren hirugarren eta azken eguna. Egun horretan, jokalari gazteenen txanda izango da; izan ere, LH3 eta LH6 arteko gaztetxoek parte hartuko dute. 09:45ean hasiko dira partidak, eta 19:00etan amaituko da jardunaldia. Gehienbat Zarauzko eta Orioko gazteez osatutako taldeek jokatuko dute, nahiz eta Andoaingo (Gipuzkoa) zenbait talde ere animatu diren topaketan parte hartzera.

Ohikoa den bezala, Orio Eragin eskubaloi klubak txosna jarriko du Antilla hondartzako pasealekuan. Bertan jatekoa zein edatekoa eskainiko dituzte, eta ostiral arratsaldean bertan zabalduko dute.

Eskualdeko eskubaloia, momentu oparoan

Momentu ederrean daude eskualdeko eskubaloi jokalariak. Maria Zaldua oriotarrak Rocasa Gran Canaria taldearekin Espainiako Liga eskuratu zuen igandean, Bera Berari finaleko bi partidak irabazita. Asteazkenean jokatu zuten aurreneko partida, eta kanariarrek irabazi zuten, 19-23. Oriotarra Malagaren aurkako finalerdietako jokalaririk onena izendatu zuten. Zalduaren taldeak bigarrenez irabazi du liga; orain zazpi urte lortu zuen aurrenekoa.

Ekainaren amaieran, berriz, junior kategoriako Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko dute Txinan. Bertan izango da Libe Arruabarrena oriotarra. Espainiako selekzioarekin jokatuko du txapelketa. Ekainaren 9tik 13ra 4 Nazio txapelketa jokatuko dute Alemanian, eta ekainaren 25etik uztailaren 5era jokatuko dute Munduko Txapelketa.

Arruabarrena ez da Munduko Txapelketa jokatuko duen oriotar bakarra izango. Izan ere, Britney Coone ere txapelketa horretan lehiatuko da. Ez dira talde berean ariko, Coonek Ameriketako Estatu Batuetako selekzioarekin jokatuko baitu, hango nazionalitatea duelako. Biak dira Orio Eragin klubean hasitako eta hazitako jokalariak. Arruabarrena Beti Onak taldean dabil gaur egun; Coone, berriz, Estatu Batuetan ari da ikasten, eta hango unibertsitate bateko eskubaloi taldean dabil.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide