"Helburua zen bakoitzak bere barnetik zerbait ateratzea, eta hori ikusi da bai formetan, bai hitzetan"

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 2a

Herritarrak Sormen Bizian Lab egitasmoko erakusketa ikusten, maiatzaren 14an, udaletxean aurkeztu zutenean. (Onintza Lete Arrieta)

Sormen Bizian Lab egitasmoaren emaitzak Balearen Egunean aurkeztu zituzten udaletxean egindako ekitaldian, baina orain, balea gaitzat hartuta sortutako marrazkiak eta ipuinak herrira zabaldu dituzte: marrazkiak liburutegian daude ikusgai, eta ipuinak, orri-markagailuetan inprimatuta, herriko kafetegi eta udal ekipamenduetan daude eskuragarri. 

Sormen Bizian Lab egitasmo berriaren emaitzak maiatzaren 14an, Balearen Egunean, aurkeztu zituzten Orioko Udalak eta bi ikastetxeetako ikasleek udaletxean, proiektua gidatu duten Nerea Loiola idazlearekin eta Eneritz Ibarra ilustratzailearekin batera. Orain, berriz, sormen lan horiek udaletxetik herrira zabaldu dituzte, eta egunotan ikusgai eta irakurgai daude. Marrazkiak udal liburutegian jarri dituzte, ekain erdialdera arte, eta ipuinak, berriz, udal ekipamenduetan eta herriko kafetegietan. Orri-markatzaile formatuan inprimatu dituzte azken horiek, eta nahi duenak etxera eraman ditzake. 

Balea gaitzat hartuta, DBH 1. mailako herriko ikasleek marrazkiak egin dituzte, eta LH 5. mailako ikasleek, berriz, ipuinak sortu dituzte. Sorkuntza horretan, Loiolak ipuinak egin behar zituztenei lagundu die, eta Ibarrak, marrazkiak egin behar izan zituztenei. Marrazteko, ordea, ikasleek Loiolaren istorio bat hartu dute oinarri, eta ipuinak egiteko, berriz, Ibarraren irudi bat. 

Ipuinak, orri-markagailu bihurtuta, herriko kafetegi batean. (Onintza Lete Arrieta)

Saioa Iraola Hezkuntza teknikariak azaldu du haur, nerabe eta gazteei begira egindako sormen prozesua izan dela, irakurzaletasuna eta euskara bultzatzeko helburuarekin. "Erreferentziazko idazle eta ilustratzaile banaren eskutik jarraibideak jaso dituzte irudi edo testu produkzio bat egiten ikasteko, eta ondoren, beraiek esperimentatu dute".

Egitasmoa herrira zergatik zabaldu nahi izan duten ere kontatu du Iraolak. Batetik, helduak irakurtzera gonbidatu nahi dituzte, eta bestetik, gazteek idatzitakoa irakurtzea nahi dute, "ipuinen bitartez asko adierazi dutelako munduaz duten ikuskeraz, baita dituzten kezkei buruz ere". 

Sortzaileak, pozik

Nerea Loiolak azpimarratu du berarentzat "luxua" dela udalek eta ikastetxeek "lehentasuna, dirua eta denbora" eskaini izana gisa honetako egitasmo bati, eta gaineratu du berarentzat prozesu oso polita izan dela, "bai aurretik, pentsatzen eta diseinatzen, eta zer esanik ez gero, eskoletan gaztetxoekin beraien sorkuntza prozesuan, ikusiz pentsatzeko moduak nola joaten diren aldatzen eta klik egiten". Horregatik guztiagatik, antolatzaileei oso eskertuta dagoela azaldu du.  

Ildo beretik mintzatu da Eneritz Ibarra. Orioko bizilagunak azaldu du "bizipen oso polita" izan dela, beraiek "ariketa pila proposatu eta ikasleek parte hartu dutelako". Marrazketan eta ipuinetan gauza oso desberdinak atera direla kontatu du, "ikasle bakoitzak beretik" atera duela, eta sormen prozesuan batzuetan sufritu duten arren, beste askotan gozatzen ikusi dituztela nabarmendu du. "Helburua zen dastaketatxo honetan bakoitzak bere barrutik zerbait ateratzea, eta hori ikusten da bai formetan, bai hitzetan". Uste du ikasleek "pozik" hartu dutela egitasmoa, eta espero du hurrengo urteetan jarraipena izatea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide