Etxeluze gaztetxearen 16. urteurrena ospatuko dute aurten, eta ospakizun horren bueltan, bi kontzertu antolatu dituzte ekainaren 19rako. Hain zuzen ere, Rukula eta Braulio igoko dira gaztetxeko oholtzara. Arratsaldeko 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak bertan izango dira salgai, 7 euroan. Eguraldi ona bada, gainera, gaztetxe kanpoko zelaian eskainiko dituzte emanaldiak. Hortaz gain, herritarrek bertan afaltzeko aukera ere izango dute nahi izanez gero.
Rukula 2015. urtean Usurbilen (Gipuzkoa) sortutako taldea da, eta "erritmo basati eta estilo ezberdinak" nahasten ditu, besteak beste, rock, stoner edota funk generoak. "Dantzatzea gogoko baduzu, ikusi behar den taldea da dudarik gabe", aurreratu dute antolatzaileek.
Braulio, berriz, 2019an Ondarroan (Bizkaia) sortutako taldea da, eta talde ezberdinetan aritu diren musikariez osatuta dago. Braulioren ibilbidean, rock generoa abiapuntu hartuta, hiru disko kaleratu ditu taldeak. "Zuzenekoetan, beraien energia erraz eta zoragarri transmititzen duen taldea da", gehitu dute.