Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldea Iruñean izan da asteburuan, Urrezko Ohorezko Mailako Liga Nazionalaren lehenengo faseko azken jardunaldia jokatzen. Lehenengo jokoa hasiera-hasieratik aurkeztu zen Izaga taldeko Elen Ocaña eta OBBko Sara Loidi jaurtitzaileen arteko lehia gisa. Biak jokoan nagusi izan ziren, izan ere, aurkariak kontrolatu zituzten eta ez zieten lehen bi sarreretan lasterketak saskiratzen utzi.
Hirugarren sarreran, OBBkoak atakean zeudela, Sara Loidik hit bikoitza erdietsi zuen eta Oriokoek lasterketa bat saskiratuz, aurrea hartu zuten markagailuan. Seigarren sarreran, ordea, nekea eta berotasuna nagusitu ziren, eta Izagak partida berdintzea lortu zuen. Hor sartu zen Igone Etxeberria OBBren jaurtitzaile berria, eta jaurtiketekin Izagakoak kontrolatu ahal izan zituen.
Partida berdinketarekin amaitu zenez, Tie Break jokatu behar izan zuten. Berdinketa hausteko lehen sarrera batean, bi taldeek ezin izan zuten lasterketarik lortu eta bederatzigarren sarrera bat jokatu behar izan zen. Bertan, OBBko Fernanda Aguilarrek bikain egindako jokaldi bati esker, lasterketa bat saskiratu zuen. Bederatzigarren sarrerako amaieran, oriotar jaurtitzaileak Izagaren bateatzaileak menderatu ahal izan zituen eta ez zien aurkariei aukerarik eman; honela, OBBk 2-1 irabazi zuen partida. Sara Loidi eta Igone Etxeberria jaurtitzaileak nabarmendu dituzte, bien artean Izagakoek hit egitea saihestu baitzuten.
Bigarren topaketa aurrekoaren antzera hasi zen. OBBko Aroa Faro eta Izagako Claudia Alonso jaurtitzaileek ez zieten aukerarik ematen aurkariei basera iristeko. Laugarren sarreran, ordea, OBB aurreratu zen markagailuan Izagaren defentsa akats bat aprobetxatuz, eta bi lasterketa saskiratu zituen. Sarrera horren amaieran, Izaga markagailuan hurbildu zen lasterketa bat lortuz. Bosgarren sarreran, OBBk bateak atera zituen, eta bi lasterketa saskiratu zituen, horietako bat Esti Alvarezen home run baten bidez. OBB markagailuan nagusituko zela zirudien, baina Izagak sarrera berean lau lasterketa saskiratu zituen eta markagailua 7-5 utzi zuen oriotarrentzat. Baina Esti Alvarezen beste home run bati esker, OBBk beste puntu bat sartu zuen zazpigarren sarreran, Izagak partida irabazteko izan zuen azken aukeran. Igone Etxeberria jaurtitzailea atera zen OBBko defentsa bermatzeko, eta honela oriotarrek 8-5 irabazi zuten.
Bigarren partida honetan ezinbesteko izan ziren Esti Alvarezek lortutako hit eta lasterketak, Aroa Faro eta Irene Otazuk mantendutako defentsarekin. Jardunaldi honekin ligako lehenengo fasea amaitu da eta OBBk hirugarren postuan amaitu du. Orain, bigarren faseari aurre egin beharko diote oriotarrek: Rivas, Viladecans, Dridma, Fenix eta Izaga edukiko dituzte aurkari, ligako titulua eta Erreginaren Koparako sailkatzeko aukeraren bila. OBBk atsedena hartuko du hurrengo jardunaldian, eta azken faseari ekainaren 14an, igandearekin, ekingo dio Mendibeltzen, Madrilgo Rivas taldearen aurka.