Badok 13 beteranoen arraun taldeak asteburu biribila izan du. Bi estropada jokatu dituzte larunbat nahiz igandean, eta biak irabazita, bi bandera ekarri dituzte etxera. Asteburuko garaipen horiei esker, oriotarrek lidergoa erabat sendotu dute Beteranoen Ligan.
Larunbatean, hain zuzen ere, Zumaiako XIII. Beteranoen Bandera izan zuten jokoan, eta 13:32,85 denborarekin helmugaratuta, garaipena aise eskuratu zuten oriotarrek. Bigarren postuan sailkatu ziren zumaiarrak, 13:51,71 denborarekin, eta hirugarren izan ziren donostiarrak, 14:00,12rekin.
Hurrengo egunean, igandearekin, Getariako uretan borobildu zuten asteburua, jokoan zegoen Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazita. Itsasoa mugituta zegoen eta oriotarrei lehenengo kaletik arraun egitea tokatu zitzaien. Garaipena lortzeko erabat estutu, eta azken indarrak ere eman behar izan zituzten, eta azkenean, 10:26,33 denborarekin zeharkatu zuten helmuga. Orioko ontziaren atzetik Fortuna sailkatu zen (10:34,55), eta hirugarren postua, berriz, Zumaiak (10:55,51) lortu zuen.
Arraunlariek orain beste hitzordu garrantzitsu baterako entrenatu beharko dute: Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko dute asteburuan, berriro ere Getariako uretan. Iaz lortutako titulua berritzea dute helburu nagusi. Taldea "gogotsu eta ilusionatuta" dago asteburu honetan emandako maila ikusita, baina "garbi" dute "gogor" egin beharko dutela lan; izan ere, Bizkaiko ontziak "sasoi puntu ederrean" ari dira aurten, eta "aurkari latzak" izango dira garaipenaren borrokan.