Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatu dituzte asteburuan Legution (Araba), eguraldi txarrak baldintzatuta. Izan ere, haize bortitzaren ondorioz, txapelketa amaitzeko falta ziren azken zazpi estropada bertan behera gelditu ziren.
Orio Arraunketa Elkarteak (OAE) guztira 28 ontzi aurkeztu zituen txapelketara, eta horietatik, 20 ontzi jardun ziren lehian. Dena den, harrobiko arraunlariek lan bikaina egin zuten, 16 domina lortu baitzituzten: zazpi urre, sei zilar eta hiru brontze irabazi zituzten orotara. Orioko bost ontzik, berriz, txapelketatik kanpo jokatu zuten, txapelketa osatzeko ontzi minimorik osatu ez zelako, eta hiru ontzi, aldiz, estropadarik gabe gelditu ziren eguraldi eskasagatik.
Sevillan ere, postu onak
Beste arraun hitzordu garrantzitsu bat izan dute asteburuan Orioko arraunlariek. Hain zuzen ere, Sevillan (Espainia) jokatutako I. World Rowing Cup txapelketan lehiatu dira OAEko hiru arraunlari, eta orotara, postu onak eskuratu dituzte bertan: Koxme Burutaran Espainiako selekzioarekin lehiatu da skiff banakakoan, eta 15. postuan amaitu du sailkapenean; Marcos Sarraute eta Martin Gonzalez, berriz, Uruguaiko selekzioarekin aritu dira binako laukoan, eta 10. postuan amaitu dute.

