Aiako baserri batean jaioa eta lanbidez mekanikaria, Xabier Aiestaranek betidanik izan du lotura estua literaturarekin. Irakurle porrokatua da gazte-gaztetatik, eta aspalditik zuen idazteko gogoa. Urteak igaro ahala, ordea, ez du horretarako aukerarik izan, eta orain, 52 urterekin, bere lehen nobela kaleratu du, Octubre Negro argitaletxearen eskutik. Hain zuzen ere, duela sei hilabete ekin zion El club del 83 lana idazteari, eta aurreko astean, azkenean, argia ikusi zuen obrak. Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarraren laguntzarekin, Orioko Kultur Etxean aurkeztu zuen liburua joan den ostiralean, goraino betetako aretoan.
Aiestarani gehien gustatzen zaion generoa thrillerra da, eta idazten hasi baino lehenagotik "oso garbi" zuen genero hori landu nahi zuela. "Izan ere, hori da oraintxe irakurtzeko gehien gustatzen zaidana, eta euskal thrillerra da gehien kontsumitzen dudana. Hori horrela izanda, betidanik pentsatu izan dut Oriok elementu guztiak dituela thriller on bat egiteko". Egileak aurkezpenean aipatu zuenez, "urtero" joaten da lagunekin Kontxako Bandera ikustera, eta "elkarri ehunka istorio kontatzen" dizkiote. "Beti pentsatu izan dut istorio horiekin narrazio on bat sortu daitekeela, arraunetik abiatuta". Izan ere, Aiestaranen ustez, kirol horrek thriller batek behar dituen elementu asko uztartzen ditu: "Alde batetik, lehia eta pasioa dituen modalitate bat da, eta bestetik, herriari ematen dion nortasuna eta harrotasuna ere oso agerikoak dira". Gainera, Oriok lehenengo Kontxako Bandera irabazi zuenetik jada 125 urte igaro dira, eta geroztik, hamarkada bakoitzean irabazi du titulu hori. "Beraz, Kontxako Banderaren historian zehar ika-mikak eta arazoak askotan sortu dira, eta horrek herritarren artean memoria bat garatzea ekarri du".
Hutsunea, jada beteta
El club del 83 liburuak kontatzen duen istorioa 2028. urteko Orion dago kokatuta, arraun denboraldi bete-betean, zehazki. "Nire modura muntatu nahi izan dut arraun denboraldi hori; beraz, errealitatetik apur bat aldendu naiz. Baina, era berean, duela urte asko gertatutako ika-mika batetik abiatuta, gaur eguneko gertakizun bat kontatu nahi izan dut". Eleberria thriller psikologikoa dela ere esan daiteke. Izan ere, pertsonaiek "oso alderdi ilunak" dituztela nabarmendu du idazleak. "Protagonista kanpotik etorritakoa da, hau da, ez da Orion jaioa. Dena den, 25 urte daramatza herrian bizitzen eta lanbidez udaltzaina da. Hala ere, herrian ez da ondo integratu, eta herritarrekin harreman ona duen arren, ez da ondo moldatzen euskaraz. Inork ez luke pentsatuko thriller bateko 'antiheroia' bera izango zenik".
Aiestaranek istorioa girotzeko erabili duen ika-mika, berriz, 1983ko Kontxako Banderan Zumaiako eta Orioko traineruen artean izandako gatazka da. "Egun hartan gertatutakoetan asko sakondu gabe, erreferentzia hori hartu dut gantxo bezala. Hortik dator liburuaren izenburua". Jakina da Orion arrauna hitzak beti pizten duela interesa, eta horren adibide izan zen ostiralean liburuak jaso zuen harrera bikaina. "Nire helburua liburua argitaratzea eta hutsune hori betetzea zen. Egia esan, ez nuen inoiz pentsatu argitaletxe batek nire profileko pertsona baten alde apustu egingo zuenik. Gainera, aurkezpenean Kultur Etxea beteta ikustea ikaragarria izan zen niretzat, eta jendeak kontatu didanagatik, irakurtzen ari zaren heinean lokalizazio ezagunak edota auzoak identifikatu ahal izateak irakurketa errazagoa egiten du".
Lehen liburua argitaratuta, Aiestaranek gero eta gogo gehiago du idazten jarraitzeko. Baina, oraingoz, irakurleen harrera nolakoa den ikusi besterik ez du egingo. Izan ere, azken sei hilabeteak "oso bortitzak" izan dira idazlearentzat. "Idazketa prozesua luzea egin zaidan arren, egia da hasieratik argi izan dudala zer gai jorratu nahi nuen. Gainera, Orion bizi naizenez, ez dut dokumentazio lan sakonik egin behar izan. Dena den, gauez idatzi dut liburua, eta horiek ez dira idazteko kalitatezko orduak".
El club del 83 liburua dagoeneko eskuragai dago Orioko Kutixi kafetegian, eta aurrerago Internet bidez erosteko aukera ere egongo dela aurreratu du egileak.