Orioko Udalak 2019an onartu zuen 2020-2030 Energia Plana, udal instalazioen energia kontsumoa murrizteko eta autokontsumoa handitzeko. Ordutik, hainbat neurri hartu ditu: besteak beste, zortzi instalazio fotovoltaiko ezarri ditu azken 5 urteetan, eta horietan berriena Zaragueta Herri Eskolakoa da.
Lanak aurrera eramateko, udalak 35.000 euro jaso zituen Gipuzkoako Foru Aldunditik eta 56.470 euro Energiaren Euskal Erakundetik. Jarritako instalazioa Orioko handiena dela ere nabarmendu du, 100 kw-ko instalakuntza, hain justu. Lanak joan zen udan hasi zituzten, eskola itxita zegoela aprobetxatuz, eta azken asteetako frogen eta doikuntzen ondoren, instalazioa martxan da jada. Orotara 20 udal ekipamendu hornituko dituela azaldu dute, tartean, udaletxea, Arraunetxe eta Kultur Etxea. Izan ere, udalaren helburua da 2030erako bete beharreko %40ko kontsumo murrizketaz gain, autokontsumoa %25ekoa izatea.