Larunbat arratsaldea tentsio handikoa izan zen Mendibeltzen. Orioko Futbol Taldeko gizonezkoek beren esku zuten datorren denboraldian gorengo mailan jarraitzeko aukera, baina horretarako Euskalduna taldearen kontra gutxienez berdinketa behar zuten. Beste taldea are kinka larriagoan zegoen, garaipena behar zuelako maila ez galtzeko. Azkenean, 2-2 emaitzarekin, oriotarrek lortu zuten helburua.
Irribarreak eta alaitasuna nagusitu ziren zelaian eta harmailetan, baita aldagelan ere. Hondartza aldean suziriak ere ikusi ziren, ilunabar aldera.
Atzoko berdinketarekin, 14. postuan amaitu du liga Orioko FTk, 35 punturekin. Euskalduna, Hernani eta Deusto gelditu dira azken hiru postuetan, hamaseigarrenetik hemezortzigarrenera.
Emakumeen taldea, 11. postuan
Maila berean dauden emakumeek, berriz, galdu egin zuten azken jardunaldia, horiek ere larunbat arratsaldean, etxean. 2-4 emaitza lortu zuten Orioko Futbol Taldeak Tolosaren kontra, eta 32 punturekin, 11. postuan amaitu dute liga.
Irauli Bosteko, Aiztondo eta Ostadar taldeak gelditu dira sailkapenaren azken postuetan, hamalaugarrenetik hamaseigarrenera, hurrenez hurren.