Moilako lanek trafikoan eragingo dute ekainaren 1etik aurrera

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 22a

Orioko moila, airetik ikusita. (Orioko Udala)

Kaia sendotzeko lanak direla eta, ekainaren 1etik aurrera moilako errepidearen erraietako bat itxita egongo da ibilgailuentzat, eta ezingo da bide hori erabili herrigunetik irteteko. Aurreikuspenen arabera, itxialdiak hiru asteko iraupena izango du, hau da, ekainaren 21era arte. Bitartean, herritik irteteko Txanka hondartzako bidea erabili beharko da.

Orioko arrantza kaia sendotzeko eta egokitzeko lanak hasi dituzte, eta obra horien harira, ekainaren 1etik aurrera, moilako errepidearen erraietako bat itxita egongo da ibilgailuentzat. Ondorioz, ezingo da bide hori erabili herrigunetik irteteko. Aurreikuspenen arabera, itxialdiak hiru asteko iraupena izango du, ekainaren 21era arte, "baina baliteke lanen bilakaeraren arabera aldaketak izatea".

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen esku hartzea oinezkoentzako pasabidetik Kofradiarainoko tartean egingo da, eta hiru helburu nagusi dituela azaldu dute: kaiaren egonkortasuna hobetzea; klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea; eta portu eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Obrak Moyua enpresak egingo ditu, eta urtea bukatu arte iraungo dute.

Udalak portuaren zati horren garrantzia nabarmendu du, alde batetik, baxurako ontzien jardunerako eta porturatze lanetarako eremua delako; eta, bestetik, herritar askok egunerokoan erabiltzen duten pasabidea ere badelako. Esku hartze honen bidez, azpiegituraren segurtasuna, erabilgarritasuna eta moldagarritasuna hobetuko direla azpimarratu du udalak.

Trafikoan eragina

Lanak fase ezberdinetan egingo direla ere azaldu du dalak, eta hortaz, trafikoan izango duten eragina ere ezberdina izango da une bakoitzean. Ekainaren 1etik aurrera, hain zuzen, ezingo da moilako errepidea erabili herrigunetik irteteko, eremua egonkortzeko piloteak sartuko baitituzte. Errepidea hiru astez itxiko da, lanak ahalik eta azkarren egiteko.

Ondorioz, herritik irteteko Txanka hondartzako bidea erabili beharko da. Horrez gain, Goiko Kaleko saihesbidea ez hartzeko gomendioa egiten die, eremu hori ez saturatzeko eta bertako bizilagunei lehentasuna emateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide