Abiatu dituzte moilako lanak oinezkoen pasabidetik hasi eta kofradiara arteko eremuan. Tarte hori 50 zentimetro igoko dute kaiaren egonkortasuna hobetzeko eta klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzeko. Lanek zazpi-zortzi hilabete inguru iraungo dute, eta hainbat fase izango dituzte. Hala, trafikoan izango duen eragina ere ezberdina izango da une bakoitzean. Dena den, udalak aurreratu du kamioien joan-etorria "handia" izango dela, eta ahal den neurrian, herriko sarrera-irteerak Txanka hondartzatik egitea gomendatuko du.
Lanek hiru helburu izango dituzte: batetik, kaiaren egonkortasuna hobetzea; bestetik, klima aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren aurrean azpiegitura egokitzea eta 50 zentimetro igotzea; eta hirugarrenik, portu eremuaren funtzionaltasuna handitzea. Udalak azaldu du kaiaren egoeraren inguruan azken urteetan egindako azteketa teknikoek agerian utzi dutela zenbait zatitan sendotze lanak "beharrezkoak" direla eremuaren egonkortasuna bermatzeko, "urteek eta erabilerak eragindako higadurari erantzunez". Horrez gain, azpiegitura itsas mailaren igoerara egokitu nahi da, klima aldaketaren ondorioei aurrea hartuta. Eta, azkenik, portu eremuaren eraginkortasuna eta funtzionaltasuna hobetu nahi dira, bai ontzien jardunerako, baita herritarren eguneroko erabilerarako ere.
Udalaren ustez, herriarentzat garrantzitsua da lan hauek egitea: "Portuaren zati hori garrantzitsua da herriarentzat, bi erabilera nagusi uztartzen dituelako: alde batetik, baxurako ontzien jardunerako eta porturatze lanetarako eremua da; eta bestetik, herritar askok egunerokoan erabiltzen duten pasabidea ere bada. Horregatik, esku hartze honen bidez, azpiegituraren segurtasuna, erabilgarritasuna eta moldagarritasuna hobetuko dira".