UEMAko kideek Euskaltzaleon Martxara joateko deia egin dute

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 19a

UEMAko kideak, larunbatean, Iruñerako deia egiten. (UEMA)

Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik, mobilizazioa egingo dute Nafarroako hiriburuan ekainaren 13an, euskaltzaleak antolatzeko deia eginez.

UEMAk Udalerri Euskaldunon Eguna ospatu zuen joan zen larunbatean Otxandion (Bizkaia), eta datorren ekainaren 13an Iruñean egingo duten Euskaltzaleon Martxara joateko deia luzatu zuten han mankomunitateko kide diren 120 udaletako alkateek zein zinegotziek; tartean, Urola Kostako ordezkariek.

Euskalgintzaren Kontseiluak joan den abenduan iragarri zuen Pizkundearen barruan, Euskaltzaleon Martxa izeneko mobilizazioa egingo dute Nafarroako hiriburuan egun horretan, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. Izan ere, Kontseiluaren hitzetan, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko "kezka eta larritasuna" adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta horiei gehitu behar zaie "euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatua". Horren aurrean, euskararen biziberritzeari bultzada eman behar zaiola uste dute antolatzaileek, eta ezinbestekoa deritzote euskaltzaletasunaren "giharra indartzea".

Hain zuzen, euskaltzaleak antolatzeko deia eginez mobilizatuko dira hilaren 13an Iruñean: hango hiru gunetan —Antoniuttin, Runako Parkean eta Askatasun enparantzan— bilduko dira herritarrak, eta kaleak "harrotasunez" beteko dituzten hiru zutabeek bat egingo dute Gaztelu plazan. Han, ekitaldi politikoarekin amaituko dute mobilizazioa.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide