Ondarroan (Bizkaia) beste bandera bat eskuratu dute asteburuan Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) gizonezkoek: Euskadiko Trainerilla Txapelketarena. Araudiak dio txapelketa homologatzeko gutxienez lau trainerillak parte hartu behar dutela lehian, eta gizonezko absolutuetan justu-justu osatu zuten gutxieneko hori: izan ere, Orio, Zierbena, Ondarroa eta Mundaka bakarrik aurkeztu ziren txapelketara. Emakumezko absolutuetan ez ziren gutxieneko kopurura iritsi, eta Oriok ezin izan zuen parte hartu lehian. Orio eta San Juan bakarrik aurkeztu ziren.
Gizonezkoen txapelketari dagokionez, 14:10,50 denbora eginda lortu zuen garaipena Oriok. Alde nabarmena atera zuen gainerako ontziekiko, Zierbena hemeretzi segundora helmugaratu baitzen 14:29,84 denborarekin, eta Ondarroa eta Mundaka, askoz atzerapen handiagoarekin; ia minutura Ondarroa 15:00,95 denbora eginda, eta ea bi minutura Mundaka, 15:57,49 denbora eginda.
Euskadiko Txapelketaren hitzordua pasata, hurrengoa Espainiako Txapelketarena izango da, datorren asteburuan, Castron (Kantabria, Espainia). Han bai, Orioko emakumezkoak eta gizonezkoak, biak lehiatuko dira banderaren bila.