Balearen Eguna 2026

Herriaren besarkada, Orioko bardoari

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 18a

Karela kiroldegiko harmailak goraino bete ziren atzo gauean, Benito Lertxundiren omenez egindako aitortza ekitaldian. Et Incarnatus orkestra sinfonikoak, lau haur abesbatzarekin batera, herritarrek inoiz ahaztuko ez duten emanaldia eskaini zuen, musikari oriotarraren errepertorioko doinu ezagunenei forma emanez. Amaieran, Lertxundik hartu zuen hitza, bere ibilbidean zehar jasotako maitasuna eskertzeko. 

Karela kiroldegia txiki geratu zen atzo, askok ahaztuko ez duten gaua hartzeko. Benito Lertxundiri eskainitako omenaldiak emozioz eta musikaz blaitu zuen atzoko eguna, Euskal Herriko artistarik maitatuenari errekonozimenduz beteriko gau batean. Oriotar musikariaren familiak, herritarrek eta jarraitzaileek harmailak goraino bete zituzten kontzertu berezi baten lekuko izateko, eta, azkenean, musika emanaldi bat baino askoz gehiago bihurtu zen.

Pako Aristi idazle azpeitiarrak ireki zuen ekitaldia, erabateko isiltasun eta emozio giroan. Bere hitzek Lertxundiren ibilbide artistikoari testuingurua jartzeko balio izan zuten, bere abestien bidez hamarkada askotan utzi duen ondare kulturala aldarrikatuz. Bere hitzaldiaren ostean, oholtza Et Incarnatus orkestra sinfonikoaren eta parte hartu zuten lau haur abesbatzen esku geratu zen: Easo Txiki, Orioko Danbolin, Ipar Alai eta Laskorain. Hala, Migel Zeberioren zuzendaritzapean, 150 pertsona baino gehiagok sentsibilitate handiko ikuskizuna eskaini zuten, non Lertxundiren abesti ezagunenek dimentsio berria hartu zuten Jose Antonio San Miguel Alfaroren moldaketei esker.

Lehen interpretazioetatik, txalo zaparrada luzeekin erantzun zuten ikus-entzuleek pieza bakoitzaren amaieran. Haurren ahotsek, gainera, emozio berezia eman zioten Lertxundiren errepertorioari, une bereziki hunkigarriak utziz. Jende askok ahapeka jarraitu zien abestiei eserlekuetatik; beste batzuek ezin izan zieten malkoei eutsi. Hainbat belaunaldi taula gainean eta ikusleen artean nahastuta, omenaldia Lertxundiren figuraren eta haren musikak Euskal Herriarentzat ekarri duen guztiaren ospakizun partekatua bihurtu zen. 

Ekitaldiaren amaieran, Orioko Udalak aitortza egin nahi izan zion, eta horretarako, Anuska Esnal alkateak hartu zuen hitza. "Gaur, amets bat ari gara betetzen. Eskerrik asko denoi, ezin zelako amets hau hobekiago bete. Benitok sortutako unibertsoan gabiltza hegan, baina ez nituzke nire hitzak zugana hegan iristerik nahi". Esker oneko hitzen artean, Lertxundi alkateari batu zitzaion oholtzan, herritarren txaloek eta txistuek laguntzen zutelarik.

Hunkiduraz hartu zuen hitza Lertxundik, eta duela urte batzuk, Tolosan (Gipuzkoa) eskaini zioten kontzertua ekarri zuen gogora. "Orduan ere mikrofonoa eman zidaten, eta hunkiduraz atera ziren hitzak nire barnetik. 'Zer janari ona den zuzen-zuzen bihotzera doana', esan nuen. Gaur, gauza bera sentitu dut. Kantuak egiten ibili den batek, kantu horiek bere umeak bezala ditu, eta betidanik ahaleginetan, ea zein janzkera emango dieten horiei. Gaur, horietako batzuk oso apain ikusi ditut". Lertxundik bizitzan "zorte handia" izan duela nabarmendu zuen atzoko aitortzan, eta emanaldian parte hartutako artistak, udalaren laguntza eta herritarrak eskertu zituen, "zuek kantu hauek dastatzen dituzuen heinean, dastatzen dut nik zuen afektua". Ekitaldia biribiltzeko, Mirotzak abestia kantatu zuten, baina oraingoan herri oso bat batu zitzaion orkestrari, gau ahaztezina betirako gogoan izateko.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide