Gipuzkoako txapeldun izendatu ondoren, Euskadiko Boxeo Txapelketara sailkatu da Eneko Gaztañaga. Hain justu, gaur jokatuko dituzte finalak Legution (Araba), eta guztira 23 borrokaldi aurrez aurre ikusteko aukera izango da. Oriotarra elite mailan lehiatuko da, eta kategoria horretako borrokak arratsaldeko 17:00etatik aurrera hasiko dira. Gaztañagak Yedri Consuegra izango du aurkari gaur, hain zuzen.
Ibai Marin entrenatzaileak aurreratu duenez, Gaztañaga "oso prestatuta eta ilusio handiarekin" dago gaurko borrokarako. Gainera, garaipena lortuz gero, oriotarrak Espainiako Boxeo Txapelketarako txartela eskuratuko luke. "Lorpen oso esanguratsuak dira, boxeoak suposatzen duen guztiagatik. Izan ere, ez da kirol erraza, eta maila horretan egotea eta sailkapen hauek lortu ahal izatea ez da batere samurra. Ni, entrenatzaile gisa, oso harro nago Enekotaz eta klubak lortu duen guztiaz", kontatu du Marinek.