Balearen Eguna 2026

Sormen pintzeladak, musika eta bertsoak Balearen Eguna ospatzen hasteko

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 15a

Maiatzak 14 izan zituen atzo, egun handia Orion, aurten 125 urte bete baitira oriotarrek Kantauriko azken balea harrapatu zutela. Egun osoko festa bihar, larunbata, egingo dute, baina atzo arratsalde-iluntze partean hasi ziren ospakizunak.

Euriak eta kulturak, biek busti zuten Orio atzo, maiatzak 14, Balearen Eguna. Egun osoko festa bihar, larunbata, egingo dute, baina atzo ere egin zioten keinu egun handiari, aurten 125 urte bete baitira oriotarrek Kantauri itsasoko azken balea harrapatu zutela. 

Aurrena, 17:00etan, Sormen Lab egitasmo berriaren emaitzak aurkeztu zituzten udaletxeko udalbatzar aretoan. Saioa Iraola Hezkuntza teknikariak azaldu zuen gaztetxoen sormena bultzatzeko astebetez herriko bi ikastetxeetan marrazketa eta idazketa saioak egin dituztela LH 5eko eta DBH 1eko ikasleek Nerea Loiola idazlearekin eta Eneritz Ibarra ilustratzailearekin, eta atzo erakusgai jarri zituzten bai marrazkiak, bai ipuinak. Aurtengo gaia, noski, balea izan da. 

19:30ean, berriz, musikak hartu zuen herria, Orioko Txarangaren eskutik. Herriko Plazan hasi ziren askotariko abestiak eskaintzen, tartean, nola ez, Balearen bertsoak. Eguraldiak askorik lagundu ez zuenez aterpean aritu behar izan zuten nagusiki, baina kalejira txiki bat egiteko modua aurkitu zuten ateri une batean. Emanaldia, nola ez, baleari eskainitako doinuekin amaitu zuten. 

Bertsoek ere izan zuten tokia atzokoan. Balea elkartean egin zuten, hain zuzen, bertso afari berezia Errikotxiak eta Baleak antolatuta. Auskalo zeinek jarriak izeneko emanaldia eskaini zuten Unai eta Eñaut Agirre anaiek, iragana eta orainari buruzko bertsoak botaz. Goraino bete zen elkartea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide