Eragin Mola Mola Hondartza Eskubaloi Topaketa antolatu dute ekainaren 7rako

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 14a

Artxiboko irudian, eskubaloi partida bat Antilla hondartzan. (Guka)

LH 3 eta LH 6 arteko gaztetxoek parte hartu ahalko dute topaketan, eta izena emateko epea gaur zabaldu dute, maiatzaren 25era arte (egun hori barne). Sei eta hamar lagun arteko taldeak osatu beharko dira. 

Ekainaren 7an, igandearekin, herriko gazteenek eskubaloiaz hondartzan gozatzeko aukera izango dute, Orio Eragin klubak Eragin Mola Mola Hondartza Eskubaloi Topaketa antolatu baitu LH 3  LH 6 arteko gaztetxoentzat.

09:00etan hasi eta 18:00 arte iraungo du topaketak Antilla hondartzan, eta taldeak nahieran osatzea egongo da –6-10 jokalari artean–, betiere adina errespetatuta. Adin eta genero berekoen aurka jokatzea lehenetsiko dute antolatzaileek, eta talde mistoek beste talde mistoen kontra jokatuko dutela azaldu dute. Talde bakoitzak lauzpabost partida jokatuko duela ere jakinarazi dute. 

Izena emateko epea gaur zabaldu dute, eta maiatzaren 25era arte (egun hori barne) egongo da topaketan apuntatzeko aukera, taldeko 40 euro ordainduta. 

Izena galdetegi hau beteta eman behar da. 

Topaketako arautegia, berriz, esteka honetan dago eskuragarri. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide