Emakumeen Euskal Herriko Itzulia jokatuko dute bihar hasi eta igandea bitarte, eta zuzen-zuzenean ukituko du Urola Kosta eskualdea. Izan ere, lehen etapa Zarautzen hasi eta bukatuko da, eta hirugarrena, igandean jokatuko dutena, Orioko lurretatik igaroko da.
Bihar jokatuko dute Itzuliko etapa, Zarautzen hasi eta amaituko dena. Lurraldeko egutegiko ohiko errepideetan egingo da, eta mendate handirik gabeko ibilbidea izango bada ere, igoera etengabeak eta atsedenik gabeko tarteak ditu.
Tropela goizeko 10:16ean aterako da, irteera neutralizatuan. Benetako irteera bi minutu geroago emango diote, eta kostako errepidea hartuko dute txirrindulariek. Getariatik 10:24ean igaroko da, eta 10:33an Zumaiatik, Arroabera 10:38an iritsi eta handik Itziarrerako bidea hartzeko.
Azkaratetik sartuko dira berriro ere txirrindulariak eskualdera. Mendatea 11:29ak aldera igoko dutela aurreikusten da, eta handik Azkoitira jaitsiko dira. Abiadura handian badoaz, herritik 11:39tik pasako dira, Loiolarantz (10:42) jarraitzeko. Bidegurutzean Urrestillarako (11:50) bidea hartuko dute, eta jarraian Nuarbetik (11:54), Beizamatik (12:02), Santa Agedatik (12:06), Bidania-Goiatzetik (12:15), Errezildik (12:24) eta Etumetatik (12:35) igaroko dira, Aizarnara (12:46) jaitsi aurretik. Bidea jarraituta, Garateko mendia (13:08) igoko dute, handik Getariara (13:13) jaitsi eta kostako errepidean barrena Zarautzera heltzeko. Aurreikuspen azkarrenaren arabera, 13:20an helduko da irabazlea helmuga puntura.
Igandean Oriotik
Itzulia igandean amaitu da, Donostian hasi eta amaituko den etaparekin. Zeharka bada ere, tropelak eskualdea ukituko du. Txirrindulariak Aginagatik helduko dira Oriorantz, eta 12:56an Anibarko portu alboko bidegurutzean Mendizorretzerako bidea hartuko du, handik Igeldora joateko.
Trafikoan eragina
Txirrindularien joan-etorriak eragina izango du eskualdeko trafikoan. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak azaldu duenez, trafiko etenak egingo dituzte txirrindulariak pasako diren puntu guztietan, eta informatu dutenez, etenek 30 minutu inguru iraungo dute, eta zirkulazioa bere onera itzuliko da bandera berdeekin identifikatutako Ertzaintzaren motozikleta igarotzean.
Trafiko zuzendaritzaren arabera, eragin handienak biharko etapan puntu hauetan izango dira, eskualdean:
- N-634 errepidean, Zarautz eta GI-638ko bidegurutzearen artean, 09:45etik aurrera.
- GI-2634 errepidean, Azkarate mendatearen hasieraren eta Azkoitiaren artean, 10:50etik aurrera.
- GI-631 errepidean, Azpeitia eta GI-2635 artean, 11:00etatik aurrera.
- GI-2635 errepidean, Azpeitia eta Beizamako bidegurutzearen artean, 11:15etik aurrera.
- GI-3720 errepidean, Beizama eta GI-2634 artean, 11:20tik aurrera.
- GI-2634 errepidean, Bidaniako mendatearen eta Aizarnako bidegurutzearen artean, 11:40tik aurrera.
- GI-3730 errepidean, GI-2634ko eta GI-2633ko bidegurutzeen artean, 10:00etatik aurrera.
- GI-2633 errepidean, Garate mendatetik Getariaraino, 12:25etik aurrera.
- N-634 errepidean, Getaria eta Zarautz artean, 12:30etik aurrera.
AP-8ko ordainlekuak
Aldundiak, bere aldetik, Itzuliak AP-8ko ordainlekuetan izan dezakeen eraginaren berri eman du. Hala, bihar, ostirala, Zarauzko ordainlekuan ilarak sortu daitezkeela esan du, etapa kostaldeko herrian hasi eta amaitzen delako.
Igandean, berriz, AP-8ko Orioko ordainlekua itxita egongo da igandean, 12:30etik 13:30era bitartean, sarreran zein irteeran, tropela bertatik pasa arte.