1901eko maiatzaren 14an, bost trainerutan 60 arrantzale abiatu ziren Orioko uretan ikusi zuten balea ehizatzera. Kantauri itsasoko azkena izan zen, eta 125 urte geroago, ospakizun bereziak antolatu dituzte Orioko Udalak eta herriko eragileek aurtengo Balearen Egunaren bueltan.
Herritarrak ospakizunen azken txanpan sartuta badaude ere, larunbat honetan izango da jai egun handia, eta ohi bezala, herri ikuskizuna izango da eguneko momentu garrantzitsuena. Goizeko 11:45etan hasita, antzerkitxoak egingo dira herriko Alde Zaharrean, eta 12:30etik aurrera, balearen ehiza, moilara etorrera eta herritarren festa irudikatuko dituzte herritarrek.
Jarraian, udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dutenek bertan mokadua egiteko aukera izan dezaten. GUKAk, gainera, bere produktuak saltzeko postua jarriko du plazan, baita haurrekin eskulanak egiteko txokoa ere. Arratsaldean, Ttipika dantza gidatuek eta Itzal erromeriak alaituko dute herria, eta gauean DJ Ostok jarriko du musika.
Asteburua iritsi aurretik, ordea, bertso afaria ospatuko dute gaur gauean. Balea elkartean izango da hitzordua, hain justu, elkarteko kideek eta Errikotxiak antolatuta. Afari horretarako txartelak salgai daude Kolon Txikin eta Kutixin, 25 euroan.
Benito Lertxundi, festaren erdigunean
Aurtengo Balearen Egunaren harira ospatutako ekintzen artean, bereziena Benito Lertxundiri igande honetan egingo zaion omenaldia izango da. Kontzertu formatua edukiko du, eta horrekin amaituko da aurtengo egitaraua. Horretarako, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur abesbatza igoko dira oholtzara, musikariaren abesti ezagunenak kantatzera.
Olatz Zugastik kontatu duenez, "gogotsu gaude, emanaldi berezia izango baita". Migel Zeberio orkestraren zuzendariak ere "ilusio handiz" hartu du proposamena, eta hilabeteetako lanaren emaitza izango da kontzertua.
Udalak zehaztu duenez, guztira 150 parte hartzaile izango ditu kontzertuak; 50 musikarik osatuko dute orkestra sinfonikoa, eta 100 haurrek abesbatza. Emanaldirako sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan.
Sormen Bizian egitasmoko lanak, ikusgai gaurtik
Hezkuntza Mahaiak pasa den martxoan aurkeztu zuen Sormen Bizian Lab egitasmoa, Orioko haur eta gazteen sormena eta literaturzaletasuna sustatzea helburu duen ekimena. Nerea Loiola idazleak eta Eneritz Ibarra ilustratzaileak astebeteko tailerra eman zieten Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleei, hitza eta irudia lantzeko. Lehen edizioan, hain zuzen, LH5eko eta DBH1eko ikasleek hartu dute parte, eta balea izan dute "inspirazio iturri".
Bada, tailerretan landutako ilustrazioak eta ipuinak gaur erakutsiko dituzte jendaurrean. Eguraldi ona eginez gero, Herriko Plazan egingo dute erakusketa eta ekitaldi txikia, 17:00etatik aurrera, eta aldiz, eguraldia eskasa bada, udaletxeko udalbatzarraren aretoan. Ilustrazioak ikusgai izango dira, eta ipuinak, aldiz, orri markatzaile gisa prestatu dira. Datozen egunetan Orioko txoko ezberdinetan jarriko dira orri markatzaileak, herritarren eskura.
Balearen Eguneko asteburuko egitaraua:
- Maiatzak 14, osteguna:
- 17:00etan, Sormen Bizian Lab: Balea proiektuaren emaitzen aurkezpena, Herriko Plazan.
- 19:00etan, Orioko Txaranga kalez kale.
- 20:00etan, bertso afaria Errikotxia eta Balea elkartearen eskutik, Balea elkartean.
- Maiatzak 16, larunbata, Balea Eguna:
- 11:00etan, sardina-jana eta sagardoa, Herriko Plazan.
- 11:45ean, Balearen Eguneko kale-ikuskizuna Kale Nagusiko aldapan, Zimitorioan, Pilliku Plazan, Bentaenea parean eta Herriko Plazako aldapan.
- 12:30ean, kanpai-hotsa: balea harrapatzera joateko deia. Segidan, balearen ehiza Oribazar parean.
- Ondoren, balea moilara eta emanaldia Herriko Plazan. Antzerkia, dantza eta musika. Bukatzeko, festa Pello eta Nikolasarekin, Orioko Txarangak girotuta. Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dutenek bertan mokadua egiteko aukera izan dezaten.
- 17:00etan, Ttipika dantza gidatuak, Herriko Plazan.
- 19:00etan, Itzal taldearekin erromeria, Herriko Plazan.
- 22:00-01:00 artean, Osto DJa, Herriko Plazan.
- Maiatzak 17, igandea: Benito Lertxundi omenduz kontzertua, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa haur abesbatzarekin, 20:00etan Karela kiroldegian.