Balearen Eguna 2026

Kultur Etxean izango da gaur Agirresarobek eta Urangak XX. mende hasierako Orioz emango duten hitzaldia

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 12a

Jon Agirresarobe eta Peddro Miguel Uranga. (Guka)

Sardinatan edo antxoatan ari ziren izeneko hitzaldia eskainiko dute arratsaldean Jon Agirresarobe Torrotxo eta Pedro Migel Uranga herritarrek. Zimitorioan zen hitzordua, baina tokiz aldatzea erabaki du udalak, eguraldi eskasa tarteko. 

Gerturatzen ari da maiatzaren 14a, Balearen Eguna, eta aurtengo egitarau bereziko hitzaldietan azkena gaur arratsaldean eskainiko dute, 19:00etatik aurrera. Sardinatan edo antxoatan ari ziren izenburupean, XX. mende hasierako Orio izango dute hizpide Jon Agirresarobe Torrotxo-k eta Pedro Migel Urangak. Zimitorioan zen hitzordua, baina eguraldi eskasa tarteko, Kultur Etxean izango dela jakinarazi du udalak.

Arrantzaren ezagutzaren transmisioa xede, Agirresarobe eta Uranga XX. mendeko arrantza eta Orioko bizimodua ari dira ikertzen San Nikolas arrantzale kofradiarekin elkarlanean –maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkarian luze eta zabal jaso den bezala–, eta hitzaldian mende horren hasierako hamarkada izango dute hizpide, hain zuzen, baxurako arrantzak indarra hartu zuen garaia, eta herriaren etorkizuna itsasoari lotuta berrantolatzen hasi zen unea. 

"Orduko idazle gehienak bat zetozen: Orion arrantzale bizimodua egitea ezinezkoa izango zen barrako sarrera-irteera konpondu ezean. Baina 1901eko maiatzaren 14ko balearen etorrerak sardinetan harrapatu zituen Olaizola, Loidi, Atxega, Manterola eta Uranga arrantzaleak. Aspaldi ez bezala, ia 100 herritarrek aurkitu zuten tostartea herriko traineruetan eta lurrunontzietan; eta beste hainbeste emakume aritu ziren mallera, arrain-saltzaile, saregile eta salazoi-fabriketan lanean", azaldu du udalak biharko solasaldiaren harira. "1901ekoa da azken balea, eta urte berekoa lehen Kontxako Bandera. Hamarkada berean sortu ziren Orion lehen baporeak, salazoi-fabrikak, San Nikolas kofradiaren berritzea eta Dendarikoa plazako kofradia, besteak beste. XX. mendearen lehen urte haietan ezarri ziren gerora ia 30 bapore izatera iritsiko zen herriaren oinarri nagusietako batzuk".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide