Eskualdera etorri eta euskara ikasi duten herritarrak aitortzeko kanpaina abiatu du UEMAk

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 12a

Oriora, Getariara, Zumaiara eta Zarautzera etorri eta euskaraz ikasi duten herritarrak aitortu eta ikusarazi nahi ditu UEMAren Egin nirekin ere euskaraz! kanpainak. 

Beste herrietatik etorri eta euskaraz ikasten ari diren pertsonak aitortzeko Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina martxan jarri du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Euskal Herriko ekimena bada ere, aparteko bideoa eta kartelak egin ditu Urola Kostako kostaldeko herrietako ikasleekin. Euskaldun arrazializatuekin ere lehenengo hitza euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak kanpaina berriarekin.

UEMAk hirugarrenez hauspotu du Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina, eta aurtengo edizioan, eta Euskal Herrira etorri eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrak aitortzea eta ikusaraztea da aurtengo edizioaren asmo nagusia. Horretarako, bideoz jaso dituzte beste herrialde batzuetatik Oriora, Getariara, Zumaiara edo Zarautzera etorri eta euskaraz ikasten ari direnen testigantzak, eta haiekin osatutako kartelak ere zabaldu dituzte.

Honakoak dira Urola Kostako kanpainan parte hartu duten herritarrak:

  • Celeste Martinez. Guatemalarra. Zarautzen bizi da.
  • Chaimae Ouladmhand. Marokoarra. Orion bizi da.
  • Amal Madrane. Marokoarra. Orion bizi da.
  • Maryna Melnychenko. Ukrainarra. Orion bizi da.
  • Mathilde Coudre. Frantziarra. Orion bizi da.
  • Leonardo Bobadilla. Kolonbiarra. Zumaian bizi da.
  • Miguel Romero Ruiz. Sevillan jaiotakoa, Espainian. Orion bizi da.
  • Ivano Ballestracci Prieto. Italian jaiotakoa, Toscanan. Getarian bizi da.
  • Jeniffer Marisol Cruz Alvarez. Hondurastarra. Zumaian bizi da.
  • Araisa Doeste Albuerne. Habanan jaiotakoa, Kuban. Getarian bizi da.

Getariaren kasuan, herriko zortzi protagonistek osatzen duten kartel propioa kaleratu du UEMAk. Hemen ikus daiteke.

UEMAk nabarmendu duenez, euskaldunak dira herritar horiek guztiak, eta etxean euskara jaso ez duten arren, bizilagunekin euskaraz aritu nahi dute. Hala ere, azalaren koloreagatik edo bestelako aurreiritziengatik, gainerako herritarrek erdaraz hitz egiten dietela ohartarazi dute kanpainaren sustatzaileek. "Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako", aldarrikatu du UEMAk.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide