Hirugarren bandera eskuratu du Badok 13 taldeak asteburuan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 12a

Beteranoak, asteburuan, Hondarribian garaipen lortu berria ospatzen. (Badok 13)

Hondarribian lortu du azken garaipena, Fortuna Beteranoen XV. Banderaren lehian. Hurrengo asteburuan, erlojupean ariko dira, Bilbon. 

Lautik hiru bandera poltsikoratu ditu Badok 13 beteranoen arraun taldeak. Izan ere, asteburuan beste garaipen bat lortu du Hondarribian, Fortuna Beteranoen XV. Bandera.

Taldekideek nabarmendu dute ez zela estropada erraza izan: "Azken txandan haizeak nabarmen gogortu zuen itsasoa, eta estropada zaildu egin zen. Taldeak, lehen ziabogan seigarren postuan igaro arren, pixkanaka bere arraunketa egonkorra egiten jakin zuen, gainera kalerik txarrenean arituta. Estropadak aurrera egin ahala, postuak berreskuratzen joan zen". 

Orioko taldeak 13:24,00 denbora eginda lortu zuen garaipena; Getxo izan zen bigarren 13:31,59 denborarekin, eta Fortuna hirugarren, 13:45,05 denboran helmugaratuta. 

Erlojupekoa

Datorren astean, liga Bizkaira mugituko da, Bilbon jokatuko baita erlojupeko estropada, Ibaizabalen. 

Sailkapenean lider da Badok 13, eta postu horri eusten saiatuko da taldea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide