Balearen Eguna 2026

XX. mende hasierako Orio izango dute hizpide bihar, Balearen Eguneko hitzaldiei amaiera emateko

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 11

Pedro Miguel Uranga, kofradiaren gela batean, Jon Agirresaroberi eta Jon Mujikari herriko baporeei buruzko azalpenak ematen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Sardinatan edo antxoatan ari ziren izeneko hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Jon Agirresarobe Torrotxo eta Pedro Miguel Uranga herritarrek. Arrantzaren ezagutzaren transmisioa xede, ikerketa lana egiten ari dira biak kofradiarekin elkarlanean. 

Gerturatzen ari da maiatzaren 14a, Balearen Eguna, eta aurtengo egitarau bereziko hitzaldietan azkena bihar arratsaldean eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, zimitorioan. Sardinatan edo antxoatan ari ziren izenburupean, XX. mende hasierako Orio izango dute hizpide Jon Agirresarobe Torrotxo-k eta Pedro Miguel Urangak. Bi herritar horiek XX. mendeko arrantza eta Orioko bizimodua ari dira ikertzen San Nikolas arrantzale kofradiarekin elkarlanean –maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkarian luze eta zabal jaso den bezala–, eta hitzaldian mende horren hasierako hamarkada izango dute hizpide, hain zuzen, baxurako arrantzak indarra hartu zuen garaia, eta herriaren etorkizuna itsasoari lotuta berrantolatzen hasi zen unea. 

"Orduko idazle gehienak bat zetozen: Orion arrantzale bizimodua egitea ezinezkoa izango zen barrako sarrera-irteera konpondu ezean. Baina 1901eko maiatzaren 14ko balearen etorrerak sardinetan harrapatu zituen Olaizola, Loidi, Atxega, Manterola eta Uranga arrantzaleak. Aspaldi ez bezala, ia 100 herritarrek aurkitu zuten tostartea herriko traineruetan eta lurrunontzietan; eta beste hainbeste emakume aritu ziren mallera, arrain-saltzaile, saregile eta salazoi-fabriketan lanean", azaldu du udalak biharko solasaldiaren harira. "1901ekoa da azken balea, eta urte berekoa lehen Kontxako Bandera. Hamarkada berean sortu ziren Orion lehen baporeak, salazoi-fabrikak, San Nikolas kofradiaren berritzea eta Dendarikoa plazako kofradia, besteak beste. XX. mendearen lehen urte haietan ezarri ziren gerora ia 30 bapore izatera iritsiko zen herriaren oinarri nagusietako batzuk".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide