Orioko gizon-emakumeak garaile Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 11

Orioko arraunlariak, atzo, Gipuzkoako Txapelketako eta ligako banderekin. (OAE)

Atzo jokatu zituzten estropadak Mutrikun, eta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlarientzat izan ziren banderak. Gizonezkoek liga ere irabazi zuten bezperan, Hondarribian. Hurrengo asteburuan Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango dituzte jokoan. 

Larunbatean amaitu zen Gipuzkoako trainerilla liga, Hondarribian jokatutako seigarren jardunaldiarekin, eta Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) neska-mutilek lan dotorea egin zuten beste behin. Gizonezkoetan Orio A izan da ligako txapeldun, eta emakumezkoek zilarrezko domina eskuratu zuten; gainera, Gipuzkoako Kopan Orio B izan zen garaile, eta Orio C, bigarren. 

Ligak amaituta, igandean bertan, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketak izan ziren Mutrikuko uretan, eta han ere Orio nagusitu zen bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Gizonezkoetan 13:26,91 denborarekin lortu zuen garaipena Oriok, eta 11 segundora Getaria sailkatu zen bigarren. Hondarribiarentzat izan zen hirugarren postua 14 segundora, eta Kaiarribak egin zuen laugarren, 26 segundora. 

Emakumezkoetan hiru segundoko aldea egon zen Orioren eta San Juanen artean, 15:20,28 egin baitzuten oriotarrek eta 15:23, 89 sanjoandarrek, eta Zumaia sailkatu zen hirugarren, 15:32,31 denbora eginda. 

Klubak jakinarazi duenez, historian aurreneko aldiz izan dira garaile Orioko emakumezkoak. Gainera, ziaboga onenaren saria Maider Etxaniz oriotarren patroiak jaso zuen. 

Datorren asteburuan hitzordua Ondarroan (Bizkaia) izango dute arraunlariek, modalitate horretako Euskadiko Txapelketak jokatuko dituztelako. Espainiako Txapelketak ere orduan izango dira, Castron (Kantabria, Espainia). 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide