Asteburu borobila izan da Orioko Ibai Makazaga, Irune Lertxundi eta Jokin Bellido korrikalariek, txapela bururatu baitute han eta hemen jokatu dituzten lasterketetan.
Pasai Antxon (Gipuzkoa) jokatutako Moliño trailen helmugaratzen lehena izan zen atzo Makazaga. Bizi egin ditu ibilbidearen 12 kilometroak, helmugako zinta 48 minutu eta 19 segundotan zeharkatuz. Kilometroko 4 minutu eta bi segundoko abiaduran egin du korrika oriotarrak, 350 metroko desnibela duen lasterketa menderatuta.
Lasterketa exijenteakoa korritu du gaur Irune Lertxundik, Ibarrako (Gipuzkoa) Zazpibide traila. 15,5 kilometro eta 650 metroko desnibela dituen ibilbidea 54 minutu eta 58 segundotan osatu du. Kilometroko 5 minutuko bataz besteko abiaduran egin du lasterketa.
Bellidok, bestalde, ziztu bizian osatu ditu Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Lasterketaren bost kilometroak igande honetan, Donostian. Kilometroko 3 minutu eta 12 segundoko abiadurari eutsi dio, eta 16 minutu eta segundo batean amaitu du lasterketa.