Solasaldi berezia jarraitzeko aukera izan zen atzo arratsaldean Arraunetxen, Benito Lertxundirekin. Balearen Eguneko egitarauaren barruko saioa Ibon Gaztañazpik gidatu zuen, eta erabat arrakastatsua izan zen, jendetza batu baitzen artistaren istorioak entzuteko. Zehazki, Orioko Udalak aretoan jarritako aulki guztiak bete zituzten, eta bi orduz musikari eta abeslari oriotarrak barruan gordeta zituen kontakizunak entzuteko aukera izan zuten.
Galdera erraz batekin abiarazi zuen Gaztañazpik saioa, aretoa berotzen joateko: "Zer moduz, Benito? Jendaurrean hitz egiteak oraindik ere errespetua ematen al dizu?". Protagonistaren erantzuna garbia izan zen: "60 urteko ibilbidea eta gero, entrenatua nagoela esan dezaket, baina beti mugiarazten du barrua horrelako zerbaitek".
Bi orduko saioan Lertxundiren ibilbide artistikoaz zein bere bizitza pertsonalaz jardun zuten hizketan; esaterako, orain urte gutxi hartu duen erretiroaz hitz egin zuten. Musikariaren hitzetan, profesionalki oholtzak utzi arren, "artista bat ez da inoiz erretiratzen, eta benetako artista bada, hala izaten jarraituko du". Hala, abeslariak iritzi zion pertsona bat artista "jaio" egiten dela; "hau da, ez da erosten, ez du inork ematen".
Lertxundik aitortu zuen sentimenduak adierazteko modua dela beretzat musika: "Bizitzan gertatutakoak edota barrua mugiarazten dizun zerbait kontatzeko modua da". Horren harira, oriotarrak honakoa aitortu zuen: "Musikari dagokionez, uste dut egin ditudala egin beharrekoak, eta esan dudala esan beharreko guztia". Hala eta guztiz ere, aitortu zuen orain zerbait adierazteko beharra sumatuko balu, ez lukeela arazorik izango hori gauzatzeko.
Bizi oso baten doinua
"Beti abestu izan dut, umea nintzenetik", ekarri zuen gogora Lertxundik. Etxekoak betidanik "kantuzaleak" izan direla gehitu zuen, eta gaur egun berak jarraitzen du ohitura horrekin: "Aldi oro abesten diot bilobari; bera ere musikarekin ari da hazten".
60 urteko ibilbidea ez da gauza makala, eta abeslariaren iritziz, ondorengoa da bere jardunbidearen gakoetako bat: sena. "Inteligentzia sena da, adimena sena da, eta horri jarraitzea izan da nire bizitzan gauzarik garrantzitsuenetako bat", azaldu zuen. Izan ere, aitortu zuen senari jarraitu izanagatik hasi zela bera kantuan.
Ibilbide oparoa izan da Lertxundirena, eta han eta hemen ibili da, txoko guztiak musikaz janzten. Ordea, bere etxea beti izan da Orio, eta atzokoan kontatu zuen moduan, sekula ez du bertatik alde egiteko asmorik izan. "Oso zorionekoa sentitu izan naiz lanera kanpora joan eta beti etxera bueltatzeko aukera izan dudalako", aitortu zuen artistak.
Orioko herriaz hitz egitean, noski, arrauna ere aipatu zuen, eta ondorengoa azpimarratu zuen: "Herri honek beti izan du berezko marka bat, denboran irauten duena, eta hori arrauna da. Zergatik maite dudan nik arrauna? Arrauna dator datorren tokitik: hau da, itsas lanetatik, sufrimendutik, amorrutik, ekaitzetatik, irabazi beharretik, eta nik hori da ikusten dudana arrauna ikusten dudanean".
Herriaren galderak
Gaztañazpik egindako galderez gain, herritarrek egindako galderak ere erantzun zituen abeslariak atzoko solasaldian. Izan ere, udalak azken asteotan herritarrek Lertxundirentzat egindako galderak bildu zituen.
Hain justu ere, galdera horietako bat ondorengoa izan zen: "Zer da zuretzat benetako askatasuna? Pertsona bat benetan aske izan al daiteke?". Boteprontoan, Lertxundiren lehen erantzuna hauxe izan zen: "Askatasunak benetakoa izan behar du, ez bada benetakoa ez da askatasuna".
Ildo horretatik, Lertxundik esan zuen askatasuna barne hazkundearekin lotuta dagoela: "Artaldean ez da hazten, norberak egin behar du bere bidea". "Zer zaren eta zer ez zaren ulertzea da askatasuna", zioen Lertxundik. Hala, ondorengoa esaten amaitu zuen: "Beraz, aske izan daiteke? Noski baietz, eta dugun gauzarik sakratuena da, baina hori norberak bilatu behar du".
Hitzordua borobiltzeko, Balearen bertsoak sortako azken zatia abestu zuten Lertxundik eta Gaztañazpik, bertaratutako guztien laguntzarekin.