Atzo arratsaldean amaitu zuten frontoia eta haren ondoko etxea eraistea –horma zati txiki bat falta da–. Goizean bota zituzten frontisaren azken zatia eta hari itsatsitako etxea, eta herritar ugarik ikusi zuten momentua; gertaera ikusgarria izan zen. Arratsaldean, berriz, garabi berezi baten laguntzarekin, pilotalekuaren zati zailena eraitsi zuten, etxeetatik gertuen zegoen horma, hain zuzen. Inolako gorabeherarik gabe egin zituzten lanak. Orain, falta den horma zati txikia bota, eta hondakinak handik kentzeko lanekin jarraituko dute. Astebete inguru beharko dutela aurreikusten zuten atzo.
Orioko Udalaren keinua
Orioko Udalak sare sozialetan keinutxoa egin dio desagertu berri den pilotalekuari. Gogorarazi du pasa den irailean agurtu zuela udalak frontoia, "haren historiaren parte izan diren dozenaka herritarrek lagunduta", eta eraisketa lanak "espero baino gehiago luzatu" direla onartu arren, "begien aurrean desagertu" dela "Orioren bihotzean tinko eutsi duen pilotalekua eta inguruko eremua".
Udalak gaineratu du herriak "hunkituta" ikusi dituela lanak, eta "oroitzapen asko" etorri zaizkiela denei gogora. "Bertan bizitakoak goxo gordeko ditugu barrenean. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen", esan du oharrean.