Eragin eskubaloi klubak bi hitzordu garrantzitsu izan ditu joan den asteburuan, bata etxean bertan, bestea Bizkaia aldean. Alde batetik, Zuhegan senior taldeak Euskal Ligako playoffean hartu du parte Berangon (Bizkaia), baina partida bakarra jokatuta, ibilbidea amaitutzat eman du, azken unera arte lehiatu arren, ezin izan baitzuen garaipena eskuratu.
Bestetik, Dhemen‑Zipri jubenil taldeak etxean jokatu du Espainiako Txapelketako A sektorea, maila handiko aurkarien aurrean. Jokatutako partiden ondoren, taldeak Top 8an jokatzeko txartela lortu du. Hurrengo fase hori maiatzaren 13tik 17ra jokatuko da Mislatan (Valentzia, Herrialde Katalanak). Multzoko aurkari Granollers, Beti Onak eta Elche izango ditu.
Horrez gain, klubak jakinarazi du Sinergia taldeko infantilak Ciudad Realera (Madril) joango direla maiatzaren 14tik 17ra beraien mailako sektoreko partidak jokatzera. Bertan Maravillas Malagarra eta Santa Vicenć katalanak izango dituzte aurkari.
Klubeko gainontzeko taldeak, berriz, Gipuzkoako Kopak jokatzen ari dira, denboraldiari amaiera emateko.