Salatxo aretoan bildutako herritarrek adi-adi entzun dituzte Miren Egaña etnografoaren azalpenak

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 6a

Miren Egaña, atzo, Iñigo Gaiton Orioko Udaleko kultur teknikariarekin batera, solasaldiaren une batean. (Orioko Udala)

Gure arrantzaleak Ipar Atlantikoan, baleetara bakarrik ez izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo iluntzean Balearen Eguneko egitarauaren barruan. 

Herritar mordoxka izan zen atzo iluntzean Salatxo aretoan Miren Egaña Aranzadi zientzia elkarteko etnografoaren solasaldia entzutera, eta adi-adi jarraitu zituzten horren azalpenak euskal arrantzaleek Ipar Atlantikoan utzitako arrastoari buruz. 

XIII. mendetik aurrera, euskal kostatik Galiziara joandako euskal baleazaleen ibilbideaz aritu zen Egaña, baita XVI. mendetik aurrera, Ipar Atlantikoa gurutzatu eta Kanadan egindako ibilbideaz ere: baleak ez ezik, bakailaoak, kastoreak, itsas txakurrak eta herri ugari topatu zituzten euskal arrantzaleek. XVII. mendean, berriz, Europa iparraldera ere jo zuten. Nola ez, uskal jatorriko leku-izenez ere aritu zen etnografoa. 

Beste bi hitzaldi

Balearen Eguneko egitarauaren barruan izango da hitzaldi gehiago ere. Batetik, bihar, osteguna, Benito Lertxundi musikaria ariko da solasean Ibon Gaztañazpi kazetariak gidatuta. Arraunetxen da hitzordua, 19:00etan, eta herritarrek aurrez zein bertan galderak egiteko aukera izango dute. 

Hurrengo asteartean, bestetik, Jon Agirresarobe Torrotxo euskara eta kultur teknikariak eta Pedro Migel Uranga arrantzale ohiak eskainiko dute hitzaldia, 19:00etan zimitorioan, Sardinatan edo antxoatan ari ziren izenburupean. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide