Frontisa ere, eraitsita

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 6a

Hondeamakinak arratsaldeko lehen orduan ekin dio frontoiaren zati hori botatzeari; bihar amaituko dute frontisa eraistea, ondoko etxebizitzarekin batera botako baitute. Lanek ostiralera arte jarraituko dute, gutxienez.

Frontoiaren ezker horma erabat eraitsita utzi dute hondeamakinek gaur goizean, eta arratsaldeko lehen orduan, berriz, frontisa botatzeari ekin diote. Zati handiena eraitsi duten arren, Eusko Gudari kaleko etxebizitzei itsatsita dagoen zatia zutik utzi dute.

Langileek Gukari azaldu diotenez, segurtasuna bermatzearren biak batera botako dituzte bihar goizean. Azkenerako utziko dute frontoiaren beste puntako horma. Etxeetatik gertu dago hori, eta plastiko batekin inguratu nahi dute aurrena, harri zatiak ez daitezen nahi baino urrunago erori. Aurreikuspenak betez gero, ostiralean botako dute zati hori, eta horrekin erabat eraitsita geldituko da herriko pilotalekua.

Orioko Udalak bere garaian jakitera eman zuenez, orube horretan 24 etxebizitza, garajeak, lokalak eta frontoi txiki bat egingo dituzte. Herriko frontoi berria, berriz, Zaragueta Herri Eskolaren ondoan edo Kosta Tailerraren gunean egingo dute. Batean zein bestean, egungo baratzeen lur zati bat erabili beharko dute frontoia eraikitzeko. Herri galdeketa egingo du udalak gune berria erabakitzeko, eta laster jakinaraziko du bozketaren data. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide