Bi garaipen argi lortu ditu OBBk asteburuan etxean

Onintza Lete Arrieta

OBBko kide bat pilota hartzen aurkariaren aurrean, igandean Mendibeltzen. (OBB)

Arga taldearen aurka 7-0 eta 9-2 irabazi zituen Mendibeltzeko partidak igandean, eta hurrengo jardunaldia ere Orion izango dute, hilaren 17an. Asteburu honetan atseden hartuko dute, Espainiako selekzioaren eta Ligako All Star taldearen arteko partida jokatuko delako Valentzian. Hiru jokalari oriotar ariko dira norgehiagoka horretan. 

Ohorezko Mailako Urrezko Sofbol Liga Nazionaleko zortzigarren jardunaldia jokatu zuen igandean Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak etxean, Mendibeltzen, Nafarroako Arga taldearen aurka. Jardunaldiko lehen partidan talde oriotarrari asko kostatu zitzaion markagailua irekitzea, baina gero erreakzionatu, eta "talde osoaren eraso lan bikainari esker", 7-0 emaitzarekin irabazi zuten neurketa. 

Bigarren partida ere antzera hasi zuten oriotarrek, baina berriz ere garaipen argia eskuratu zuten, 9-2 emaitzarekin. 

Datorren asteburuan OBBk ez du partidarik izango, Valentzian (Herrialde Katalanak) Espainiako selekzioaren eta Ligako All Star taldearen arteko partida jokatuko delako. Oriok hiru ordezkari izango ditu han: Sara Loidi, Esti Alvarez eta Maialen Pisón.

Hurrengo jardunaldia ere etxean izango du OBBk, maiatzaren 17an, igandearekin, 11:00etan, Valentziako Antorcha taldearen aurka.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide