Udalak bat egin du jarrera aktiboa eta ohitura osasungarriak sustatzen dituen Mugiment Pausu Erronkarekin

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 2a

Korrika egiteko zapatilak. (pixabay)

Erronka maiatzaren 11tik 31ra egingo da, eta helburua ahalik eta pauso gehien pilatzea izango da, udalerrien arteko sailkapenean gora egiteko. Parte-hartzea doakoa da, eta 14 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.

Orioko Udalak, Abailan kirol orientazio zerbitzuaren bidez, bat egin du II. Mugiment Pausu Erronkarekin, herritarren artean jarrera aktiboa eta ohitura osasungarriak sustatzeko. Ekimenak udalerrien arteko lehiaketa proposatzen du, parte-hartzaileek eguneroko pauso kopurua erregistratuz.

Erronka maiatzaren 11tik 31ra egingo da, eta helburua ahalik eta pauso gehien pilatzea izango da, udalerrien arteko sailkapenean gora egiteko. Horrez gain, banakako sailkapena ere egongo da, eta amaieran sariak banatuko dituzte, bai norbanakoentzat bai taldeentzat.

Parte-hartzea doakoa da, eta 14 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Izena emateko, WELLK aplikazioa deskargatu, kontua sortu eta Mugiment Pausuen erronka atalean Orioko taldea aukeratu behar da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide