Antxoaren Eguneko ospakizunei ekingo diete gaur Getarian, eta urteroko legez, Zilarrezko Antxoa aipamenak eginez hasi dute eguna, Balentziaga museoan egindako ekitaldian.
Guztira hiru aipamen berezi egin dituzte aurten, bana zientziaren, kirolaren eta arrantzaren alorrean. Azken horri dagokionez, Elkano arrantzaleen kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik flota mantentzeko "funtsezkoak" diren hiru enpresei eman dizkie sariak: Orioko Arostegi eta Zumaiako Aizpuru eta Kemen enpresei, hain justu. Aitortza horren bitartez, arrantzaren arrakasta lehorretik ontzien funtzionamendu egokia ziurtatzen dutenen mende ere badagoela gogorarazi dute.
Hala, saria jasotzera igo da Aritz Arostegi, izan ere, bera da etxeko enpresako laugarren belaunaldia eta gaur egungo burua. Tiburtzio Arostegi birraitonak sortu zuen lantegia, eta ordutik, belaunaldiz belaunaldi transmititu dute ofizioa eta jakintza. "Eskerrak eman nahi dizkiot Emeteriori eta Getariako herriari, gurekin gogoratzeagatik. Ez da lana soilik, hemen sortzen dena familia txiki bat baita. Egun batzuk onak dira eta besteak txarrak, baina eztabaidak alde batera utzi eta hau dena aurrera ateratzen jarraitu behar dugu".