Asteburu bete-betea dator Orio Arraunketa Elkartearentzat. Alde batetik, Gipuzkoako Trainerilla Ligako hitzorduak izango dituzte larunbat eta igandean, izan ere, gaur Donostiako Urumea ibaian jokatzekoa zen jardunaldia bertan behera geratu da. Hala, bihar, maiatzak 2, etxeko uretan izango dira oriotarrak, Hernaniko (Gipuzkoa) klubak antolatutako laugarren jardunaldian. Arratsaldeko 16:30ean hasiko dira erlojupeko estropadak, eta jubenil nahiz absolutuek guztira 3.500 metro egin beharko dituzte; kadeteek, aldiz, 1.750 metro.
Igandean, berriz, XIV. Antxoa Eguneko Bandera izango dute jokoan, Getarian. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, eta larunbateko distantzia berdinak egin beharko dituzte.
Bestalde, aulki mugikorreko hitzordua ere izango dute. Larunbatetik igandera bitartean, Legution (Araba) izango dira Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatzen. Oriok guztira bost ontzi aurkeztuko ditu absolutu mailan: mutiletan lau ontzi, eta nesketan, ontzi bat. Larunbatean kanporaketak izango dituzte, eta igandean, berriz, finalak.