Migratzaileen ezohiko erregularizazioari buruzko saio informatzailea emango dute hilaren 8an

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 2a

Pasaporte bat. (pixabay)

Espainiako Gobernuak 2026ko apirilean onartu du migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua, administrazio egoera irregularrean dauden pertsona migratzaileei egoera hori erregularizatzeko aukera emateko, hain justu. Udalak eta Ireki Begik antolatutako saioa udaletxeko udalbatzarren aretoan izango da, eta Malen Etxea elkarteko kideek gidatuko dute. 

Orioko Udalak eta Ireki Begik elkarteak migratzaileen ezohiko erregularizazioari buruzko saio informatzailea antolatu dute maiatzaren 8rako, 17:30ean, udaletxeko udalbatzarraren aretoan. Saioa irekia izango da, eta Malen Etxea emakume migratuen elkarteko kideek eskainiko dute.

Aurrekari gisa, Espainiako Gobernuak 2026ko apirilean onartu du migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua. Udalak zehaztu duenez, neurriaren helburua da dagoeneko Espainiar estatuan bizi diren eta administrazio egoera irregularrean dauden pertsona migratzaileei egoera hori erregularizatzeko aukera ematea, betiere, araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Izan ere, azken urteetan hainbat eragile sozialek, migratzaileen elkarteek eta herri ekimenek egindako lanaren testuinguruan kokatzen da prozesua, "egoera irregularrean bizi diren pertsonei eskubideak aitortzeko, lan- eta bizi-baldintza duinagoak ahalbidetzeko eta gizartean parte-hartze osoagoa izateko aukera izan dezaten", hain justu.

Hala, eskaerak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango zaie, baita osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea eta Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.

Halaber, maiatzaren 8ko saioan, prozeduraren nondik norakoak azalduko dituzte Malen Etxeako kideek, besteak beste, nori eragiten dion, zein baldintza bete behar diren, zer dokumentazio aurkeztu behar den eta zer urrats jarraitu behar diren eskaera aurkezteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide