Oriok lau urrezko domina eskuratu ditu Libourneko Nazioarteko Estropadetan

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 27a

Aulki mugikorreko hitzorduak izan dituzte asteburuan Orio Arraunketa Elkarteko gazteek. Hain justu, Libournen (Frantzia) eta Legution (Araba) jokatu dituzte estropadak, eta emaitza bikainekin itzuli dira etxera. 

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari gazteek asteburu bete-betea izan dute, eta emaitza bikainak eskuratu dituzte aulki mugikorreko modalitatean. Larunbatetik igandera bitartean, Frantzian izan dira oriotarrak, Libourneko Nazioarteko Estropadetan parte hartzeko.

Larunbatean, Orioko 16 ontzik hartu zuten parte txapelketa horretan, eta igandean, 14k. Guztira, beraz, 30 ontzi izan dira lehian modalitate eta maila guztietan.

Hala, askotariko emaitzen artean, azpimarratzekoa da 20 ontzik A finaletan sartzea lortu zutela, eta horietatik podiumera 12 igo zirela, hain justu. Urrea, ordea, lau ontzik eskuratu dute, hurrengo mailatan: emakumezko jubenilek binako laukoan; gizonezko infantilek lemazaindun binako laukoan; gizonezko kadeteek binako laukoan; eta emakumezko jubenilek, skull bikoan. Gainontzekoei dagokienez, bost ontzik bigarren postua lortu dute, eta hiruk, hirugarren postua.

Atzo, berriz, Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketak izan ziren Legution (Araba). Oriok hiru ontzi aurkeztu zituen hitzordura, absolutu mailan, eta guztira bi garaipenekin amaitu zuten jardunaldia. Hain zuzen ere, binako laukoak eta zortzikoak urrezko dominak ekarri zituzten etxera. Bakarkako skiffak, aldiz, laugarren postuan amaitu zuen.

(Argazkiak: utzitakoak) 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide