Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren jardunaldia Pasaiako uretan jokatu zuten atzo 16:30ean hasita. Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek seniorretan parte hartu zuten, eta gizonak garaipenarekin itzuli ziren, aurreko jardunaldian bezala. 13:07,90 denbora eginda, 12 segundoko tartearekin irabazi zioten Hondarribiari.
Kopan ere ari dira parte hartzen, eta hor ere Orio nagusitu zen. B ontziak irabazi zuen estropada 13:14,69 denbora eginda, eta C ontzia izan zen bigarren, ia minutu erdira, hori bai.
Orioko emakume seniorrak ere lehiatu ziren atzo Pasaian, eta hirugarren tokian helmugaratu ziren A ontzikoak Zumaiaren –15:10,78 denbora egin zuen horrek– eta San Juan B-ren ondotik. Oriotarrak irabazleengandik 23 segundora gelditu ziren atzokoan. Orio B, berriz, seigarren izan zen, Zumaiagandik minutu batera helmugaratuta.