Orioko udal langileek bat egin dute ELAk eta LABek udaletxeetan gaur eguerdirako deitutako lanuztearekin

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 23a

Udal langileak, gaur eguerdian Herriko Plazan bi orduko lanuztea egiten. (Julene Sorarrain)

Maiatzaren 14an eta ekainaren 4an grebara deitu dute, eta horietan ere parte hartuko dute oriotarrek. Udalhitzeko konbenioa eguneratzea eta erabakiak Madrilen beharrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hartzea dira eskaera nagusiak. 

Orioko Udaleko 80tik gora langilek bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaurko deitutako bi orduko lanuztearekin. Langile batzarrean hartu zuten erabakia beharginek, eta hala, gaur 11:00etatik 13:00etara lanuztea egin dute, eta tarte horretan udaletxe aurrean bildu dira, Udaletako lan baldintzak hemen erabaki lelo zuen pankartaren atzean. 40 bat udal langile elkartu dira Herriko Plazan, eta Gukari azaldu diote maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako sindikatuek deitu dituzten egun osoko greba egunekin ere bat egingo dutela.

Sindikatuen deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langile guztientzat izan da, eta bi eskari nagusitan oinarritu dituzte protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko konbenioa eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da– lan baldintzak hobetzeko.

Orioko langileen ordezkariak azaldu duenez, hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, eta gainera, hitzarmeneko puntu batzuk "kendu egin dituzte aldebakarreko erabakiz", esaterako, primak. Langileek eroste ahalmenean izan duten galera ere azpimarratu du, KPI ere ez dietelako igo soldatetan. 

Dena den, langile ordezkariak esan du bihar bilera egingo duela Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko Udalhitzen mahai negoziatzaileak, eta posible da gutxieneko akordioetara iristea bi parteak; hala balitz, maiatzeko eta ekaineko greba deialdiak bertan behera utziko lituzkete. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide