Nafarroako Hezkuntza Sailarekin Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko itunak berrituko dituzte aurten, eta Carlos Gimeno sailburuak hainbat gela ixtea planteatu du, bai sare publikoan (19 gela) eta bai itunduan (14), "ikasle kopurua gutxitu" dela argudiatuta. Hain justu, zortzi izan dira ikastola kaltetuak: bostek ituna galdu dute, eta hiruk ez dute berria jaso, baldintzak bete arren.
Egoera horren aurrean, ikastolek "kezka, baina batez ere haserrea eta sumindura" adierazi dute, eta Orion, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean, ikastola kanpoan, egoera salatzeko.
Izan ere, erabaki horrek "aurrekari arriskutsua" ezarriko duela azpimarratu dute Nafarroako Ikastolek, eta etorkizunean, Nafarroako 15 ikastolen aurkako erabaki berriei "ateak zabaltzen" dizkiela gaineratu dute. Bide juridikoa ere zabaldu dute, eta goranzko helegiteak jarriko dituzte Hezkuntza Departamenduaren aitzinean, ikasleen oinarrizko eskubideak urratzen direla uste dutelako.