Xabier Etxeberriak jaso du Elkar Fundazioak banatutako aurtengo Joseba Jaka Beka

Enara Ariznabarreta 2026ko apirilaren 22a

Xabier Etxeberria Garro, ezkerrean, Elkar sarien banaketan. (Hizkuntz Eskubideen Behatokia)

Elkar Fundazioak 2026ko Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka Beka banatu ditu kultur egitasmo bat martxan jarri eta kultur sormenari laguntza emateko. Xabier Etxeberria Garrok jaso du 10.000 euroko beka, Super Mario hil behar da komikia egiteko.

Aurtengo Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka Beka banatu ditu Elkar Fundazioak, eta azken hori Xabier Etxeberria Garro zarauztarrak irabazi du, Javier Andrada Guerrero eta Maria Reyes Olloquirekin batera. 10.000 euroko beka jasoko dute, urte bateko epean Super Mario hil behar da komikia egiteko. Ibilbideari elkar saria Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eman diote.

Joseba Jaka Beka bi urtean behin banatzen du Elkar fundazioak kultur sormen bat laguntzeko. Edizio honetan nobela grafikoa edo komikia egiteko laguntza eman du. "Joan den astean Joseba Jaka hil zenetik 30 urte igaro direla", eta "euskal komunitateak asko zor diola" azpimarratu du Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko kultur arloko zuzendariak.

Aurten, beka banatzearen arduradunak Paula Estevez Del Diego, Adur Larrea Eguren eta Iratxe Retolaza Gutierrez izan dira. "Proposamen ausarta eta egunerokotasun handiko gaia" dela adierazi du Antxiñe Mendizabal Aranburuk, bertan idazkari lanak egin dituenak. Jazarpen digitalaren inguruan hitz egiten du lan honek, gai serioak eta umorea uztartuz. Kritikarako eta hausnarketarako lekua uzten duela, eta genero berdintasuna eta homofobia bezalako gaiak lantzen dituela azpimarratu dute.

"Jazarpen digitala ez da txantxa. Gai serioak, baita tragikoak ere, umorez zipriztinduta, ordea, eramangarriagoak eman dezakete, garrantzia kendu gabe. Gure gizartearen ispilu bihurtzen dira, istorio honetan bezalaxe. Umore mota hau deserosoa izanik, askagarria ere izan daiteke eta kritikarako eta hausnarketarako tresna bihurtu", adierazi dute.  Horretaz guztiaz gain, "gazteei moralismorik gabe hurbiltzen zaiela, eta askea eta guztiz iradokitzailea dela" nabarmendu du epaimahaiak. Proposamen grafikoa eta estetikoa ere aipatu dute,  ilustrazioen eta trazoaren arintasunak eta mugimenduak, istorioak berak daukan dinamismoarekin bat egiten duela adieraziz. 

Elkar Fundazioak urte hauetan guztietan egindako lana saritu nahi izan du, herritarrei euren hizkuntza eskubideak urratzen dituztela sumatuz gero, Behatokira joateko gonbita eginez, eta kultur sormenari laguntza emateko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide