Jostea erlaxatzeko metodo eraginkorra da askorentzat. Orion, Ostargi joskintza elkartera lasaitasun horren bila jotzen du askok. Ikasi, sortu eta, bide batez, erlaxatu. Beste batzuentzat, ordea, burujabetzarako bidea izan daiteke, edo gutxienik, pauso bat. Hala sentitzen dute saharar emakume batzuek, arropa josiz sos batzuk irabaz ditzaketela eta, horregatik, aurten Orioko Udalak herri horri emandako laguntzaren parte bat josteko tailer bat sortzera bideratu dute.
GueraraOrioko Jokin Urangak, Ostargiko ikasle Marian Lazkanok eta Ainhoa Zumetak eta Malen Iturain herritarrak egin dute bidaia Aste Santuan –apirilaren 2tik 11ra– , Aaiun-era, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, Orioko laguntza han banatzeko. Orioko bizilagun Lamat Ali sahararra ere han izan da, eta oriotarrek Aliren familiaren etxean hartu zuten ostatu.

Iaz elkarlanean haima bat josi zuten Orioko plazan GueraraOrio Sahararen aldeko elkarteak eta Ostargik, eta Lazkanok kontatu du handik atera zela joskintzako tailer bat Saharan bertan antolatzearen ideia, jakinda kanpalekuetan jada neska batzuk ari zirela josten ikasten. Hala, udalaren dirulaguntzari esker, josteko sei makina erosi zituzten, bost normal eta bat industriala, eta oinarrizko hainbat material –jostorratzak, zentrimetroak eta halakoak– eta hara eraman dituzte. "Emakumeen ahalduntzea landu nahi da josteko tailerrarekin, han emakumeek diru sarrerarik ez dutelako eta erabat gizonen menpe daudelako", azaldu du Urangak. "Proiektu bat baino gehiago ari dira lantzen burujabetza horren bila: ile-apainketa tailerrak, ezkontzetarako catering zerbitzuak, garbigailu handien zerbitzuak... eta hor sartzen da joskintza tailerra".
Oriotarrek josteko makinak martxan jartzen lagundu dute, baita haiek nola zaindu behar diren azaldu ere. Lazkanok, gainera, patroiak egiten irakatsi die. "Hango emakumeak ez zeuden denbora galtzeko; guk uste baino gehiago zekiten josten, eta emakume batek berehala sortu zuen zapiaren azpitik eramaten duten soinekoa". Poza eman die proiektuari etekina aterako dietela ikusteak. "Tailerrean geundela, soldadu bat ere etorri zitzaigun, txaketa estutu nahi zuela eta", gogoratu dute, barrez.

Tailerra sortzeko lokala ere Aste Santuan eraiki dute, auzolanean, "emakume jostun baten familiak lagatako lurretan", azaldu du Iturainek.
Ur deposituak eta ezkontzak
Iaz hitzarmena sinatu zuten GueraraOriok eta udalak, eta urtean 8.600 euroko laguntza jasotzen du elkarteak saharar herriari laguntzeko, Urangak azaldu duenez. Iaz ur deposituak eta aire girotu makinak erosi zituzten behar gehien zutenei banatzeko, eta aurten, diruaren zati bat josteko tailerrera bideratu dute. Horrez gain, ur depositoak erosi dituzte, eta baita dirua banatu ere sahararrek beraiek zerrendatutako 32 familia behartsuenei.
Dena ez da lana eta konpromisoa izan, hala ere. "Zorte handia izan dugu, ezkontza batean parte hartzeko aukera izan dugulako", kontatu du Zumetak. Gainera, Sahararen 50. independentzia egunaren festa ere Aste Santuan egin dute, ramadamagatik atzeratuta, "sekulako pagotsa izan da", gaineratu dute laurek.