Palestinako egoera gordina "gertutik ezagutzeko" erakusketa, jada ikusgai Kultur Etxean

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 21a

'Genozidioa gelditu! Palestina askatu!' izenburupean, "Palestinako egoera gogora ekartzeko eta herritarren kontzientzia pizteko" erakusketa zabaldu dute gaur goizean, Kultur Etxeko aretoan. Nagusiki argazkiz osatutako mostra da, eta horiez gain, 'Utzi bakean Palestina' ikus-entzunezkoa proiektatuko dute egunero. Mostra ikusgai egongo da hilaren 30era bitartean. 

Palestina Orio herri ekimenak antolatuta, "Palestinako egoera gogora ekartzeko eta herritarren kontzientzia pizteko" erakusketa zabaldu berri dute Kultur Etxeko aretoan. Genozidioa gelditu! Palestina askatu! izenburupean antolatu dute jarduera, eta gaur goizean egin dute irekiera ekitaldia.

Iaz Rafahtik ihes egitea lortu eta gaur egun Zarautzen bizi den Lolo WA Mohsen emakume palestinarra gonbidatu zuten inauguraziora, bere testigantza herritarrekin partekatzeko. Senarra eta jaioterria atzean utzi, eta etorkizun seguruago baten bila etorri zen Euskal Herrira, lehergailu batek bere etxea eraitsi ostean. Etxea ez ezik, bederatzi hilabeteko haurra ere galdu zuen leherketa hartan. Orain, bere bi seme-alabekin batera, Gazako familia batekin partekatzen du pisua.

Erakusketa nagusiki argazkiz osatuta dago, eta horiez gain, Palestinan gaur egun bizi den egoera irudikatzeko hainbat elementu ere jarri dituzte ikusgai, bisitariek "hango errealitatea gertutik ezagutzeko aukera" izan dezaten. Horien adibide dira, besteak beste, Gazako haurren oinetakoak edota eraitsitako etxebizitzen adreiluak.

Gainera, Palestinako egoera erakusten duen Utzi bakean Palestina ikus-entzunezkoa proiektatuko dute egunero, arratsaldez, aretoan bertan. Hori ez ezik, txapak, banderatxoak eta oroigarriak ere jarri dituzte salgai, bildutako diruarekin Gazako familiei laguntzeko.

Ikusgai, hilaren 30era arte

Mostra ikusgai egongo da hilaren 30era bitartean. Ordutegiari dagokionez, ikastetxeetako ikasleentzat zabalduko dute goizetan, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:30etik 19:30era, herritar guztientzat. Asteburuan, aldiz, itxita egongo da.

Palestina Orio elkarteko kideek nabarmendu dutenez, Palestinaren egoerak "oso latza" izaten jarraitzen du, eta herritarrei dei egiten diete erakusketara hurbildu daitezen, "palestinarrekiko elkartasuna adierazi eta gertatzen ari denaren inguruan hausnartzeko", hain justu. Halaber, Ainara Munduate Hezkuntza zinegotziak Gazako egoera ikusarazteko erakusketaren antolatzaileak egiten ari diren lana eskertu du, baita "palestinarren ausardia" goraipatu ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide