Julene Armendariz Erroa elkarteko kideak 0-3 urte arteko haurren gurasoentzako hitzaldia emango du apirilaren 29an, asteazkenarekin, Maria Maestra haurreskolan. Arratsaldeko 16:45ean hasiko da saioa, eta haurraren akonpainamendu emozionala izango du hizpide.
Udalak aurreratu duenez, saioaren helburua da bizitzako lehen urteetan haurrek bizi duten garapen emozionalari erreparatzea, baita familiei zein hezitzaileei hausnarketarako eta akonpainamendurako tresnak eskaintzea ere. Izan ere, 0-3 urteko etapa "funtsezkoa" da haurren ongizate emozionalaren oinarriak eraikitzeko, eta helduen presentziak eta haurrak entzuteko eta sostengatzeko moduak "eragin handia" dute prozesu horretan.
Hitzaldia irekia da, eta gaian interesa duen edonork izango du bertaratzeko aukera. Antolatzaileek azaldu dutenez, "gurasotasunaren eta hazkuntzaren inguruko kezka, galdera eta bizipenak partekatzeko gune baliagarria" izango da saioa.