Asteburu gogorra Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 21a

OBBko jokalaria, Madrilen jokatutako jardunaldian. (Utzitakoa)

Bolada on baten ostean, garaipenik gabe iritsi dira OBB sofbol taldeko jokalariak Madriletik. CBS Rivasen aurka galdu dute Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailako jardunaldia. 

Pasa den asteburuan, Orio Bate Bizkorrak (OBB) taldeak Espainiako Sofbol Ligako Urrezko Ohorezko mailako jardunaldi berri bat jokatu zuen Madrilen, CBS Rivasen aurka. Bolada on baten ondoren, taldeak ez du lortu garaipenik oraingoan.

Lehenengo partidan, Rivasek lehen sarreran egin zuen karreren diferentzia, eta horrek baldintzatu zuen gainerako partida. Sarrerak igaro ahala, madrildarrek abantaila handitu zuten, 7-0 azken emaitzara arte. Oriokoek ez zuten karrerarik egitea lortu.

Bigarren partidan, Rivasek berriro hartu zuen abantaila lehen sarreran, hainbat karrera eginez eta partidaren norabidea markatuz. OBBk jardunaldiko karrera bakarra egitea lortu zuen, eta partida 11-1 emaitzarekin amaitu zen. Carla Novella erasoan nabarmendu zen, jardunaldian 2 hit lortuta. Gainera, taldeak "lan ona" egin zuen defentsan, eta jaurtitzaileek hainbat strikeout eskuratu zituzten.

Emaitzak "espero bezalakoak ez" izan arren, OBB "gogoz eta indarrez" dator hurrengo erronkari aurre egiteko. Hurrengo jardunaldia, hain justu, Bartzelonan izango dute Sant Boi taldearen aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide